Mundua -

Pederastia

Aita Santuak bederatzi ikuskatzaile bidali ditu Irlandara

Udazkenean hasiko den ikuskapena gotzainei, apaizei, lekaidei eta fededunei "laguntzeko" neurrietako bat da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken hamarkadetan Irlandan gertatutako pederastia kasuez geroztik sortutako eztabaida dela eta, Benedicto XVI.a Aita Santuak bederatzi ikuskatzaile izendatu ditu Irlandako Elizari ''bisita apostolikoa'' egiteko.

Udazkenean hasiko den ikuskapena Aita Santuak agindutako gauzetariko bat da; izan ere, zenbait gotzainek pederastak izateaz gain, beste apaiz batzuek gertakizunak estali zituzten.

''Bisita apostoliko'' hau, Irlandako metropoliko lau diozesietan hasiko da eta gero, beste batzuetara hedatuko da.

Gotzainei, apaizei, lekaidei eta fededunei "laguntzeko" neurritzat jo du Vatikanoak bisita hori.

Horretarako, "bisitari apostolikoak sexu-abusuen problematikan sakontzen saiatuko dira, eta baita biktimak artatzeko eran ere". Era berean, "abusuak prebenitzeko moduak hobetzen eta eraginkortasuna egiaztatzen saiatuko dira".

Bi txosten judizialetan argitaratu zenean Irlandako pederastia kasuen eskandalua eta gotzain batzuek hura estali zutela ezagutzera eman zen. Jarraian Irlandako gotzain-batzarra Vatikanoan agertzeko agindua eman zuen Aita Santuak eta Irlandako komunitate katolikoari gutun bat bidali zion.

Irlandaren ostean, Alemanian, AEBetan, Belgikan eta Norvegian antzeko kasuak argitaratu dira. Azken bi herrialde horietan, bi apezpikuk dimititu behar izan zuten, pederastia delituetan inplikatuta zirelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea