Mundua -
Eraso kimikoa
Errusiak betoa jarri dio NBEn Siriari buruzko ebazpen berriari
Testuak aldeko 10 boto, 3 abstentzio eta kontrako bi boto jaso ditu, Bolivia eta Errusiarenak. Azken horrek beto eskubidea baliatu du ebazpena atzera botatzeko.
agentziak | erredakzioa
Errusiak betoa jarri dio, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, AEBk, Erresuma Batuak eta Frantziak Siriako eraso kimikoari buruz aurkeztu duten ebazpen proiektu berriari.
"Proiektua onartezina da idatzita dagoen moduan. Kontrako botoa emango dugu gainerako kideek gure eskaerei entzungor egiten badiete eta artifizialki sustatzen jarraitzen badute Errusia berriro betoa jartzera behartzeko", adierazi dio Guennadi Gatilov Errusiako Atzerri ministro ordeak Interfax albiste-agentziari.
Testuak aldeko 10 boto, 3 abstentzio eta kontrako bi boto jaso ditu, Bolivia eta Errusiarenak. Azken horrek beto eskubidea baliatu du ebazpena atzera botatzeko.
Moskuk zortzigarren aldiz blokeatu du Siriari buruzko ebazpen bat Segurtasun Kontseiluan herrialde asiarrean gerra hasi zenetik.
Hainbatetan Txinaren babesa izan du, baina oraingoan abstentziora jo du, Kazajistanekin eta Etiopiarekin batera.
Bozketa baino lehentxeago, Vladimir Safronkov enbaxadore errusiarrak kritikatu du ez zela ebazpena bozkatzeko une egokia.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ikerketa inpartziala eskatu du apirilaren 4ko eraso kimikoa argitzeko, eta AEBei eta bere kideei leporatu die erruduna seinalatu nahi izatea gertakariak aztertu eta frogarik aurkeztu gabe.
Washingtonek, Parisek eta Londresek aurreko astean aurkeztu zuten lehenengo ebazpen proposamena, eta orduan ere "onartezin" jo zuen Moskuk. Errusiak ere aurkeztu zuen proposamen alternatibo bat, baina mendebaldeko potentziek errefusatu egin zuten.
Aldi hartan, mendebaldeko herrialdeen proposamena ez zuten bozkatu ere egin, eta ordu batzuk geroago, AEBek 59 misil Tomahawk jaurti zituzten base militar siriar baten kontra, ustezko eraso kimikoari erantzute aldera.
Putinentzat "oldarraldia" izan zen hori, eta Etxe Zuriak erantzun zion babes gehiagorik ez emateko Damascori AEBrekiko harremanak hobetu nahi baditu.