Mundua -
Afganistan
Dagoeneko 94 dira AEBren MOAB bonbaren ondorioz hildako jihadistak
Estatu Islamikoak, ordea, ukatu egin du erasoak hildakorik eragin duenik.
Agentziak | Erredakzioa
Afganistango hedabideen esanetan, Estatu Islamikoa taldeko 94 kide hil dira AEBk joan den ostegunean jaurtitako GBU-43/B bonbaren (MOAB) leherketaren ondorioz. Jihadistek Afganistango Achin hirian erabitzen duten kobazulo eta tunel sistema baten aurkako erasoa izan zen, Nangarhar probintzian, herrialdearen ekialdean.
Estatu Islamikoak Afganistanen duen taldeko (Jorasan) lau buruzagi hil dira, Ataula Khogyani Nangarhareko Gobernantza bozeramaileak aditzera eman duenez. Horrez gain, bonbardatutako eremua guztiz suntsitu dela azaldu du: armak eta bestelako tresnak gordetzeko jihadistek erabiltzen zituzten hiru tunel, alegia.
Hamza izena duen gizon bat dago hildakoen zerrendan, Estatu Islamikoko buruzagi baten anaia. Bestalde, Abubakar eta Mohammad Abrani ere hilda leudeke, Pahjwok albiste agentziaren arabera.
Estatu Islamikoak, aldiz, ukatu egin du erasoak hildakorik eragin duenik, propaganda egiteko erabiltzeko duten ohiko atarian (Amaq) argitaratu dutenez.