Mundua -
Bake prozesuaren kontra
13 miliziano taldek Israeli eraso egingo diotela iragarri du Hamasek
Gazako Eremuan agintzen duen Erresistentzia Mugimendu Islamikoak prentsaurrekoa eman du aliantzaren berri emateko. Helburua "eraso eraginkorragoak" burutzea omen da.
Palestinako 13 miliziano taldek indarrak batuko dituzte Israelen kontrako erasoak ugaritzeko, eta ez dute baztertu atentatu suizidak egitea, Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren bozeramaile batek iragarri duenez.
Gazako Eremuan agintzen duen alderdiak bere gain hartu ditu iragan asteartean eta asteazkenean Zisjordanian egindako erasoak. Lau kolono israeldar hil eta beste bi zauritu zituzten aipatu ekintza horietan.
Bozeramaileak esan du 13 miliziano taldeak Israelen kontra "eraso eraginkorragoak" egiteko elkartu direla. Atentatu suizidak egiteko prest dauden galdetuta, eledunak esan du "aukera guztiak" aurreikusten dituztela.
Hamas Benjamin Netanjahu Israelgo lehen ministroak eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Washingtonen hasi dituzten bakerako elkarrizketen kontra dago.