Mundua -
Bisita ofiziala Frantzian
Trumpek iradoki du 'zerbait' gerta litekeela Parisko Itunaren aurrean
Macronek esan du errespetatu egiten duela AEB Parisko Itunetik atera izana, eta azpimarratu du terrorismoaren aurkako gaietan sintonia erabatekoa dela Trumpekin.
agentziak | erredakzioa
Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak klima aldaketaren aurka Parisko Ituna ezartzea defendatu du, baina Donald Trump AEBkoak iradoki du "zerbait" gerta litekeela akordio horren inguruan AEBk duen jarrerari dagokionez.
"Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina hitz egingo dugu unea iristen denean. Zerbait gertatzen bada zoragarria izango da, baina ezer gertatzen ez bada ere, ongi", adierazi du Trumpek Macronekin batera Parisen eman duen prentsaurrekoan.
Macronek esan du errespetatu egiten duela AEB Parisko Itunetik atera izana, baina azpimarratu du, desadostasun horretaz aparte, sintonia erabatekoa dela "segurtasun eta merkataritza" gaietan, terrorismoaren aurkako borrokan eta Ekialde Hurbileko, Libiako eta Saheleko egonkortasun beharraren inguruan.
Eiffel dorreko Jules Verne jatetxean afaldu ostean, Trumpek Frantziako Jai Nazionaleko desfile militarrean parte hartuko du bihar; izan ere, aurten 100 urte beteko dira AEBko Armada Lehen Mundu Gerran sartu zirenetik.