Mundua -

Israel-Palestina gatazka

AEBk soilik babestu dute Israelek Gazan egindako erasoa

Israelgo armadak Gazan egindako sarraskiaren harira, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak adierazpen bat onartzea galarazi dute Estatu Batuek.

Riyad Mansur Palestinako enbaxadorea Nazio Batuen Erakundean. Foto: EFE
Riyad Mansur Palestinako enbaxadorea Nazio Batuen Erakundean. Foto: EFE
Riyad Mansur Palestinako enbaxadorea Nazio Batuen Erakundean. Foto: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek Israelgo armadak joan den astelehenean Gazan egindako erasoa defendatu dute eta bakarrik geratu da Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak premiaz burutu duen bileran. 60 palestinar hil eta 2.700 baino gehiago zauritu zituzten.

Hainbat Estatuk eta Nazio Batuen Erakundeak berak atzoko erasoa ikertzea eskatu dute eta indarkeriaren erabilera mugatu dezala exijitu diote Israeli.

Kontra agertu den herrialde bakarra AEB izan da, Israelen aliatua. Atzo Gazan gertatu zenaren ardura guztia Hamasena dela esan du eta Segurtasun Kontseiluak eraso horren inguruko adierazpen bat onartzea galarazi du.

Nikki Haley enbaxadore estatubatuarrak ukatu egin du atzoko protestak eta erasoak AEBk Jerusalemen enbaxada ireki duelako eman zirela. Areago, honen guztiaren atzean Iran dagoela adierazi du. "Hamaseko terroristen atzean Iran dago", esan du.

Gauzak horrela, Etxe Zuriaren erabakia defendatu du eta, beraz, Jerusalem Israelgo hiriburua dela berretsi du.

Gainerako herrialdeak, baina, AEBn aurka agertu dira. Jerusalemen estatus politikoa Israel eta Palestinaren arteko bake-akordio baten baitan zehaztu beharko litzatekeela uste dute.

Errusiaren iritzian, Estatu Batuek "aldebakarrez" hartu dituzten erabakiek ondorio negatiboak izan dituzte Ekialde Hurbilean eta Israelen eta Palestinaren arteko harremanak okertzea ekarri dute.

Palestinarrek kontra egindako krimenak ikertu ditzala eskatu dio Boliviak Nazioarteko Zigor Auzitegiari.

Frantziak, Erresuma Batuak, Holandak, Suediak eta Poloniak adierazpen bat adostu dute, Israelek zibilen aurkako indarkeria erabiltzeari utz diezaiola eskatuz.

Horrez gain, Frantziak esan du Israelek manifestari palestinarrei emandako erantzuna "neurrigabea eta justifikaziorik gabekoa" izan zela.

Estatu arabiarrek batasuna erakutsi dute eta Riyad Mansur enbaxadore palestinarrari babesa agertu diote.

Kuwaitek iragarri du palestinarrei nazioarteko babesa eskaintzeko proposamena aurkeztuko duela Nazio Batuen Erakundean. "Segurtasun Kontseiluak zerbait egitea nahi dugu", esan du Mansur Al Otaibi ordezkari kuwaitarrak.

Bestalde, Israelek palestinarren kontra hartutako neurriak defendatu ditu, manifestarien asmoa Israelen sartzea eta "kalteak eragitea" zela iritzita.

"Hamasek gerra krimenak egin ditu, ez soilik israeldarren aurka, baita palestinarren kontra ere, zibilak ezkutu bezala erabilita", adierazi du Danny Danon enbaxadore israeldarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak NBE Gazako Zerrenda Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila gaur Netanyahu, Israelgo lehen ministroa Hamas gaur