Mundua -
Kineta eta pentelin
Grezian suteak nahita eragin zituztela diote zantzuek, Gobernuaren esanetan
Azken balantzearen arabera, 85 dira jada hildakoak, baina oraindik desagertu asko dago. Eurite handi batek urez gainezka utzi ditu Atenaseko aldiriak, bizilagunak harrapatuta geratuta.
agentziak
Greziako suteak nahita eragin zituztela dioten "zantzu handiak" daude, hala adierazi du Gobernu greziarrak, azken egunetan Atenasen inguruak kiskali dituzten suteak direla eta.
Nikos Toskas Babes Zibileko ministroaren esanetan, ikerketa martxan dago oraindik, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman, Ta Nea hango egunkariak zabaldu duenez.
Bestalde, Dimitris Tzanakopoulos Gobernuaren bozeramaleak gogorarazi duenaren arabera, Alexis Tsiprasek "gertakari guztiak modu arin eta metodikoan" ikertzeko agindua eman zuen, ikerketa sakona egiteko asmoz.
Agintariek zabaldutako azken balatzearen arabera, 85 dira jada suteetan hildakoak, baina baliteke kopurua handitzea, pertsona asko desagertuta eta zaurituta daudelako.
Lehenengo suteak astelehenean piztu ziren Kinetako (Atenasetik 50 bat km-ra) pinudi batean. Bigarrena, handik gutxira Pentelin, hiriburutik iparraldera.
Su garrak Atenaseko ekialdera ere zabaldu ziren. Momentura arte, ez dute zehaztu suteek zer eragin zituen; oso ohikoak dira suteak Grezian udan. Tsiprasek hiru dolu-egun ezarri zituen asteartean, suteetan hildakoen omenez.
Orain, uholdeen kolpea
Argazkia: EFE
Biktima eta desagertuak bilatzeko lanek jarraitzen dute, baina orain, gainera, Atenaseko aldirietan izandako uholdeei ere aurre egin behar diete.
Suhiltzaile, agintari eta bizilagunek ez dute atsedenerako tarterik, suteak kontrolpea eman eta ordu gutxira, urak zenbait udalerritako kaleak hartu dituelako, herritar asko eta asko haien etxeetatik eta autoetatik atera ezinik utzita.