Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek Gaza bonbardatu du: hiru palestinar hil eta dozena bat zauritu ditu
Hamaseko miliziek 150 kohete jaurti dituzte Israelen kontra, eta Armadak misilekin erantzun du.
Agentzia | erredakzioa
Gutxienez hiru pertsona hil eta 12 zauritu ditu bart Israelek Gazako Zerrendaren kontra egindako bonbardaketa batean. Aurrez, Hamaseko miliziek 150 kohete bota dituzte, eta misilekin erantzun du Israelgo Armadak.
Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, 23 urteko emakume haurdun bat, 18 hilabeteko alaba eta 30 urteko gizon bat dira hildakoak.
Israelgo Armadaren arabera, Hamasen 12 gordelekuri (tunel bati, tartean) eraso diete.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bilera batera deitu du Segurtasun Batzordea, eta The Jerusalem Post egunkariaren arabera, tropak Israel hegoaldera mugitzen hasi dira. Lurreko eraso bat ez omen dute baztertzen Israelgo Defentsa Indarrek.
Twitterren duen kontuan salatu duenez, "150 kohete jaurti dituzte Gazako hesitik Israelera". Misilen kontrako defentsa sistemak 25 bat suntsitu ditu, eta gainerakoak eraikinik gabeko eremuetan jausi dira "gehienak".
Israelgo osasun iturrien arabera, zazpi lagun zauritu dituzte koheteek, eta gizon bati ebakuntza egin behar izan diote. The Jerusalem Post egunkariaren arabera, emakume bat larri dago eta beste bat arin zauritu da kohete batek euren etxean egin baitu eztanda.
Negoziazioak gorabehera
Hamasek oharra kaleratu du erasoa bere gain hartzeko: "Hitza betetzen ari gara. Erresistentziak bere erantzukizuna onartu du bataila-eremuan, eta erasoak arrakastatsuak izaten ari dira".
Gaur bertan NBEk eta Egiptok bultzatutako bake negoziazioak "nahiko aurreratuta" doazela iragarri du Hamasek.
Gazan izandako azken oldarraldiaren ostean, martxoan, abiatu ziren bi aldeen arteko hurbilketak. Ordutik, 158 palestinar hil ditu Israelgo Armadak, eta soldadu israeldar bat hil du Hamasek.