Mundua -
Ostegun gauean
Israelek eta Hamasek su-etena adostu dute Gazako Zerrendan
Egiptoren esku-hartzeari esker, bi aldeek ez diote elkarri erasoko, baina edozein oldarraldirik bada, bertan behera geratuko da. 160 palestinar eta soldadu israeldar bat hil dira martxotik.
agentziak | erredakzioa
Israelek eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak su-etena adostu dute Gazako Zerrendan. Akordioa bart lortu dute, eta gurean 21:45 zirenean sartu da indarrean, iturri palestinarrek adierazi dutenez.
"Egiptoko Gobernuaren ahaleginek talde palestinarren eta Israelen artean lasaitasuna berrezartzea lortu dute", esan dio Reuters albiste-agentziari soldadu palestinar batek. "Talde palestinarrek su-etena errespetatuko dute, Israelek ere hala egiten badu".
Abu Mujahed Herri Erresistentziaren Batzordeetako (Gazako Zerrendako talde txiki bat) bozeramaileak Facebooken baieztatu du berria: "Egiptoren eta nazioartearen ahaleginei esker, su-etena adostu da erresistentzia palestinarraren eta okupazioaren artean".
Israelgo bozeramaile anonimo batek su-etenik lortu izana ukatu die Reuters agentziako kazetariei, baina Israelgo agintariek oso gutxitan onartu izan dute Hamasekin akordiorik lortu izana, organizazio terroristatzat jotzen baitute.
Egiptok eta Nazio Batuen Erakundeak bitartekaritza lanak berrabiarazi zituzten martxoaren 30ean indarkeria oldea hasi ondoren, palestinarrek errefuxiatuen etorrera aldarrikatzen hasi zirenean. Ordutik, 160 palestinar eta soldadu israeldar bat hil dira Israelgo soldaduen eta manifestari palestinarren arteko borroketan.
Hamasek asteazkenean onartu zuen negoziazioak "aurreratuta" zeudela, alabaina, gau horretan bertan eta ostegun goizaldean Palestinako miliziak 180 bat kohete jaurti zituen Israelen aurka. Horietako 30 airean geldiarazi zituzten israeldarrek, baina gainerakoak hirietatik kanpo erori ziren eta 30 pertsona zauritu zituzten.