Mundua -
ERRESUMA BATUA
Bi pertsona ondoezik jarri dira Salisburyko jatetxe batean jan ostean, Skripal bezala
Salisburyko ospitale batera eraman dituzte. Poliziaren iturrien arabera, ez dirudi gertakaria Novichok motako agente nerbiosoaren erabilerarekin lotuta dagoenik.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Erresuma Batuan, bi pertsona artatu dituzte Salisburyko jatetxe batean bazkaldu ostean ondoezik sentitu eta gero. Sergei Skripal Errusiako espioi ohia eta Yulia alaba hiri horretan bertan pozoitu zituzten martxoan, Novichok agente nerbiosoa baliatuta.
Poliziak ohar bidez jakinarazi duenez, 18:45an jakinarazi zioten Prezzo jatetxean bi pertsonak (gizon bat eta emakume bat) osasun arreta behar zutela.
Badaezpadako neurri gisa, Poliziak jatetxea eta ingurua itxi zituzten, eta ikerketa abiatu zuen gertatutakoa argitzeko.
"Sky News" telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera, artatutako bi pertsonetako bat errusiarra da.
Ondoezik sentitu ziren bi pertsonak Salisburyko ospitale batera eraman zituzten. Poliziak baztertu egin du gertakaria Novichok familiako agente kimikoekin lotuta egotea.
Bi pertsona artatu dituzte Erresuma Batuan, Salisburyko jatetxe batean bazkaldu ostean, Sergei Skripal eta alaba pozoitu zituzten hiri berean. Poliziak baztertu egin du gertakaria Novichok familiako agente kimikoekin lotuta egotea.