Mundua -
Krisi politikoa
Egoerak okerrera egin du Egipton eta Mubarakek isilik jarraitzen du
-20.000 manifestarik presidentearen dimisioa eskatu dute militarez josita dagoen Tharir plazan.
-Oposizioak militarrekin negoziatzeko batzordea eratu du.
-Barne ministro ohia atxilotu dute.
Erredakzioa
Hainbat tanke Tahrir plazara iritsi dira etxeratzeko aginduaren hasierarekin bat eginez. Horrez gain, militarren hegazkinak eta helikopteroak Kairoko erdiguneko plazaren gainean daude.
20.000 manifestarik Hosni Mubaraken dimisioa eskatzen jarraitzen dute azken sei egunetako protesten gune nagusian. Dena den, euren bizia ez dago arriskuan militarrek tankeetako kanoiak erabiltzeko asmorik oraindik agertu ez dutelako.
Larunbatean luzatu zuten etxeratzeko agindua 16:00etatik (15:00etan, Euskadin) 08:00etara.
Anaia Musulmanak Egiptoko oposizioko talde nagusiak eta Mohamed el Baradei Bakearen Nobel saridunaren erakundeak militarrekin Mubaraken erregimenaren amaiera negoziatzeko batzordea eratu dute.
Saad Katatni Anaia Musulmanak taldearen buruak Eferi jakinarazi dionez, "batzordeko kideak bihar (astelehenean) Armadako buruekin bil litezke erregimenaren balizko aldaketa bat aztertzeko".
Mubarak, isilik
Egiptoko presidentea eta militarren buruak igande honetan bildu dira eta herrialdearen segurtasunaren izan dute hizpide. Egoerak okerrera egin du azken orduetan Armadak Poliziari lekukoa hartu diolako, telebista publikoak jakinarazi duenez.
Larunbat honetan presidenteorde izendatutako Omar Suleimanek ere bileran parte hartu du.
Mubarak lehen aldiz bildu da militarrekin, asteartean protestak eta istiluak hasi zirenetik.
Azken egunetako manifestarien eta segurtasun indarren arteko istiluen eraginez, 100 pertsonatik gora hil direla zabaldu du Reuters albiste agentziak. Herrialdean ezegonkortasuna nagusi denez, oraindik ez dago datu ofizialik eta hildakoen kopuruak gora egin lezake.Al Yazeeraren itxiera
Al Jazaeera telebista kateko Egiptoko bulegoen ixtea agindu du Egiptoko Gobernuak igande honetan. Horrez gain, berriemaile guztiei baimen ofizialak kendu dizkiete, Qatarreko hedabideak berak jakinarazi duenez.
Al Yazeera telebista kateko Kairoko berriemaile guztiak bertako egoitzan sartuta daude eta atzo gaueko irudiak ematen ari dira.
Hedabideak ez daki zergatik ezarri dioten debekua eta telebista publiko egiptoarrak ez du itxiera horren arrazoia jakitera eman.