Mundua -
'Time' aldizkariaren arabera
Trump eta Puigdemont, 2018ko Bakearen Nobel saria irabazteko faboritoen artean
Zerrenda horretan ere, Kim Jong-un edo Frantzisko aita santua daude, "Time" aldizkariak jakitera eman duenez. Sariaren irabazlea ostiral honetan emango da ezagutzera.
Agentziak | Erredakzioa
Time AEBko aldizkariak Donald Trump presidente estatubatuarra eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia sartu ditu 2018ko Bakearen Nobel saria irabazteko faboritoen zerrendan. Sariaren irabazlea ostiral honetan emango da ezagutzera.
Golardoetarako izendatuak publikoki ezagutzera ematen ez badira ere, Nobel sarietan adituak direnek beren iragarpenak egiten dituzte eta aldizkariak aurreikuspen horiek hartzen ditu saria ustez jaso dezaketenen zerrenda osatzeko.
Trumpen kasuan, 18 legegile errepublikanok gutun bat idatzi zioten maiatzean Nobel sarietako batzordeari, Ipar Koreako gudarekin amaitzeko eta Koreako penintsularen desnuklearizazioa lortzeko presidenteak egindako lanagatik izendatu zezaten.
Puigdemont, berriz, Ladbrokes apustu enpresaren zerrendako gogokoenen artean dago, 2017ko urriaren 1ean Kataluniako independentziaren harira egindako legez kanpoko erreferendumaren antolaketan izan zuen arduragatik, Time aldizkariak jasotakoaren arabera.
Zerrenda horretan, halaber, Kim Jong-un Ipar Koreako burua dago; baita, Moon Jae-in Hego Koreako presidentea; NBEko Errefuxiatu Agentziako (ACNUR) goi mandataria; Frantzisko aita santua; Raif Badawi blogari saudiarabiarra; eta, Askatasun Zibiletarako Amerikako Batasuna.
Aurtengo Nobel sarietan 331 izendatu daude: 216 lagun eta 115 talde. Historian izandako bigarren izendatu kopuru handiena da, 2016an izan baitzen handiena.