Mundua -
KHASHOGGI AUZIA
Khashoggi kasuan, Trumpek garrantzia kendu dio saudi printzearen parte-hartzeari
Presidente estatubatuarrak azpimarratu duenez, Khashoggi auziak ez du eraginik izango AEBren eta Saudi Arabiaren arteko harremanetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump AEBko presidenteak garrantzia kendu dio Mohamed bin Salman saudiarabiar printzeak Jamal Khashoggi kazetariaren hilketan izan dezakeen parte-hartzeari. Horren esanetan, "Khashoggi auziak ez du eraginik izango AEBren eta Saudi Arabiaren arteko harremanetan".
"Litekeena da printzeak zoritxarreko gertaera horren berri izatea. Agian bai, agian ez! Baliteke Jamal Khashoggiren hilketaren ingurukoak inoiz ere ez jakitea", esan du Trumpek komunikatu batean.
Trumpen esanetan, CIAk ez du "behin betiko" ondoriorik atera. Hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, ordea, CIAk hilketa agindu izana egotzi dio Mohamed bin Salman saudiarabiar printzeari.
Presidente estatubatuarrak garrantzia kendu dio ondorio horri, eta zalantzan jarri du parte-hartze hori. Dena den, argi utzi du ez duela Saudi Arabiaren kontrako neurririk hartzeko asmorik.
"AEBk Saudi Arabiaren aliatu hertsia izaten jarraitu nahi du, gure herrialdearen, Israelen eta inguruko aliatu guztien interesak defendatzeko", adierazi du.