Mundua -

Iran

Irango akordio nuklearreko sinatzaileek hura mantentzea eskatu dute

Iranek akordioa ez betetzeak "ondorioak" izan litzakeela ohartarazi dute Europako estatuek, eta Errusiak eta Txinak AEBen mehatxua errefusatu dute. "Oso laster" zigor berriak iragarri ditu AEBk.

Teheran. Argazkia: EFE.
Teheran.
Teheran. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranekin akordio nuklearra sinatu zuten bost herrialdeak hitzarmena mantentzearen alde agertu dira, Errepublika Islamiarrak Estatu Batuen zigorretatik babestu ezean, ez duela beteko iragarri ostean. Bost herrialdeek, baina, ez dute modu berean hitz egin Donald Trumpen Gobernuak 2018an akordioa apurtu zuenetik jarritako zigorren inguruan.

Erresuma Batua, Alemania eta Frantziako gobernuek 2015eko akordio nuklearrean hartutako konpromisoak manten ditzan eskatu diote Irani, eta ohartarazi dute Erresuma Islamiarrak berriz debekatutako programak hasten baditu "ondorioak" izan ditzakeela.

"Akordioa errespetatu nahi dugu, batez ere Iranek arma nuklear bat izan ez dezan", esan du Alemaniako Kanpo ministro Heiko Maasek. 2015eko akordioa Europako segurtasunerako gakotzat hartu du.

Steffan Seibert bozeramaileak onartu duenez, Estatu Batuek orain dela urtebete apurtutako akordioaren alternatiba bat osatzeko negoziazioak ustez baino denbora gehiago ematen ari dira, baina ez dute amore eman.

Erresuma Batuko Kanpo ministro Mark Fieldentzat, Irango iragarpena urrats "desegokia" da. "Ez gaude zigorrak berriz jartzeko fasean, baina gogorarazi behar da murrizketa nuklearren ordez baztertu genituela", esan du Parlamentuan.

"Ondorioak" proposatu ditu Fieldek, Frantziako Defentsa ministro Florence Parlyk bezala. Parlyk "logikoa" ikusten du berriz zigorrei buruz eztabaidatzea Iranek hitzartutakoa betetzen bez badu. Hala ere, beste kideek bezala, Frantziak ez du amore ematen, eta 2015eko akordioaren garrantzia defendatu du.

Estatu Batuen zigorren aurrean, akordioa mantendu nahi dute Errusiak eta Txinak

Errusiako Gobernua elkarrizketa irekita mantentzeko konpromisoa hartu du, Irango hitzarmen nuklearra babesteko. Hori esan dio zuzenean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Mohamad Javad Zarif ministroari, Moskun egin duten bilera batean.

Zarifek, Errusian Iranek duen enbaxadan, esan duenez, "diplomaziaren lorpen garrantzitsu hau" mantentzea eta Washingoni kasurik ez egitea eskatu die herrialde sinatzaileei. Zentzu horretan, Donald Trumpen gobernuari egotzi dio beste herrialdeei hartutako konpromisoak ez betetzeko presionatzea.

Mohamad Javad Zarif eta Sergei Lavrov.

Irango eta Errusiako Atzerri ministroak, Mohamad Javad Zarif eta Sergei Lavrov. Argazkia: EFE.

Gainera, Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dimitri Peskovek esan duenez, "diplomazialari errusiarrek europarrekin hitz egiten jarraituko dute dokumentu horien bideragarritasuna mantentzeko", Sputnik agentziak esan duenez.

Txinako Gobernuak akordio nuklearra "zehatz-mehatz" betetzea eskatu du, Ekialde Hurbilean "tentsioa areagotzea" helburu duten Estatu Batuen "alde bakarreko" zigorren aurrean.

"Estatu Batuetako ekintzak errefusatzen ditugu, Irango akordio nuklearren inguruan tentsioa areagotzea helburu dutenak", esan du Geng Shuang Atzerri ministerioaren bozeramaileak.

Txinarentzat, Teheranek "aise bete ditu bere betebeharrak", Estatu Batuek "aldebakarreko zigorrak" jarri dituen arren.

Zentzu horretan, Txinako bozeramaileak azpimarratu du akordio nuklearra mantentzea eta ezartzea sinatzaile guztien "erantzukizun komuna" dela, eta horiei "elkarrizketa sendotzea" eta eskualdean "tentsioaren igoera saihestea" eskatu die.

"Txinak alde guztiekin jarraituko du harremanetan, akordioa ezartzeko eta gure negozioen interes eta eskubide legitimoak mantentzeko", esan du Gengek.

AEB Iranen kontrako zigor berriak ezartzea aztertzen ari da

Duela urtebete akordioa apurtu zuen Estatu Batuetako Gobernua "oso laster" Iranen kontrako zigor berriak ezartzea aztertzen ari da, Etxe Zuriko goi kargu batek esan duenez.

"Itxaron itzazue zigor berriak laster. Oso laster", esan du Tim Morrison Presidentetzaren aholkulari bereziak eta Suntsipen Handiko Armetarako eta Biodefentsarako zuzendariak, Washingtonen.

Gainera, Europako bankuei, inbertitzaileei eta enpresei Ibilgailu Berezia izeneko entitate juridikoan ez parte hartzeko esan die. Iranekin salerosketak egitea errazten eta zigorrak ekiditen saiatzen da entitate hori.

"Banku bat, inbertitzaile bat, aseguru etxe bat edo beste enpresa bat bazara, Europan, jakin behar duzu Ibilgailu Berezian parte hartzea oso erabaki enpresarial txarra dela", esan du.

Morrisonentzat, Irango agintariek iragarritako erabakia "Europari egindako xantai nuklearra baino ez da".

Istaelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Iranek arma nuklearrak izatea ez duela onartuko esan du.

"Gaur goizean, hona nentorrenean, Iranek bere programa nuklearrarekin jarraitu nahi zuela entzun dut", esan du Netanyahuk, Oroitzapenaren Egunean emandako diskurtsoan. "Ez dugu Iranek arma nuklearrak lortzea onartuko. Hilko gintuzketenen aurka borrokatzen jarraituko dugu", esan du lehen ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Erresuma Batua Alemania Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel