Mundua -
Ormuzko itsasartea
Erresuma Batuko petrolio-ontzi bat atzeman duela iragarri du Iranek
Erresuma Batuko petrolio-ontzia Ormuzko itsasartean atxiki duela azaldu du Guardia Iraultzaileak, nazioarteko itsas legea urratzea egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko petrolio-ontzi bat Ormuzko itsasartean atzeman duela iragarri du gaur Irango Guardia Iraultzaileak, nazioarteko itsas legea urratzea egotzita. Teheranen eta Washingtonen arteko tentsioak gora egin du azkenaldian, zonaldean.
Grace 1 Irango petrolio-ontziaren atxiloketa epea beste 30 egun luzatu du gaur Gibraltarrek. Duela bi aste atxiki zuen Erresuma Batuak, Siriara petrolioa zeramalakoan.
Stena Impero petrolio-ontzia atzeman du Iranek, "Hormozganeko Itsas eta Portu Erakundeak eskatuta, Nazioarteko Zuzenbidearen arauak errespetatu barik Ormuzko itsasartea zeharkatzen ari zenean ", azaldu du Guardia Iraultzaileak agiri batean, Press TV telebista kateak jakitera eman duenez.
'Grace 1' petrolio-ontzia Algecirasetik. Argazkia: EFE/Carrasco Ragel
Stena Bulk eta Nother Marine Management Stena Impero-ren jabeek baieztatu dutenez, "ontzi txiki batzuek eta helikoptero batek" Erresuma Batuko ontzia 16:00ak aldera atxiki dute nazioarteko uretan, Ormuzko itsasartean. "Ontziarekin harremanetan jartzea ezinezkoa zaigu, Iranera bidean dago orain", adierazi dute ohar batean.
Stena Imperio ontziak 23 marinel ditu. "Ez da inor zauritu", ziurtatu dute. Ontzi barruan dauden pertsonen segurtasuna "kezka nagusia" dela azpimarratu dute.
Gainera, Erresuma Batuko arduradunekin "harreman etengabean" ari direla erantsi dute. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioko bozeramaile batek Reuters albiste-agentziari baieztatu dionez, Gobernua Omuzen gertatutakoaren inguruko informazioa bilatzen ari da.