Mundua -
Erresuma Batua
Iranen aurkako nazioarteko zigorrak berrezartzea proposatu du Londresek
"Tentsioak oso kezkagarriak dira", ziurtatu du Erresuma Batuak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari idatzitako gutunean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiralean errepublika islamikoak petrolio-ontzi britainiar bat harrapatu ondoren Ormuzko itsasartean, Iranen aurkako zigorrak iragartzea aztertzen ari da Erresuma Batuko Gobernua. Are gehiago, Nazio Batuen eta Europar Batasunaren nazioarteko zigorrak berrezartzea ere eskatu dezake Teheranen aurka.
Jeremy Hunt Atzerri-ministroak hartu beharreko neurriak aurkeztea espero da Komunen Ganberaren aurrean.
"Tentsioak oso kezkagarriak dira", ziurtatu du Erresuma Batuak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari idatzitako gutunean. Horrez gain, lehentasuna "tentsioa murriztea" dela adierazi du, ez baitute liskarrik nahi Iranekin.
Horrela abordatu zuen Iranek Stena Impero petrolio-ontzia. Iturria: AFP
Stena Impero petrolio-ontzia askatzeko eskatu dio Erresuma Batuak Irani, eta arazoa diplomaziaz konpontzeko lanean ari direla jakinarazi dio Nazio Batuen Erakundeari.
Aldebiko tentsioa
Uztailaren 4an Marina britainiarrak Grace 1 petrolio-ontzia harrapatu zuen Gibraltar inguruan. Ontziak Siriako findegi batera karga gordina zeramala susmatzen zen.
Ordutik, Grace 1 ontzia britainiarren zaintzan aurkitzen da Gibraltarren. Errepublika Islamikoak petrolio-ontzia aske uztea eskatu dio Erresuma Batuari, eta errepresaliak hartuko dituela abisatu du britainiarren ea estatubatuarren aurka.
Petrolio-ontzi britainiarreko tripulazioa osasuntsu eta salbu dagoela dio Iranek
Stena Impero petrolio-ontzi britainiarreko tripulazioa "salbu" aurkitzen dela ziurtatu du Iraneko Portuen eta Nabigazioaren Elkarteko Alahmorad Afifipur zuzendariak.
Tripulazioko 23 kideak itsasontzian daude, Bandar Abas (Iran) portuko "toki seguru" batean.
Itsasontzia eta tripulazioa ez daudela arriskuan nabarmendu du arduradunak, eta haien beharrak zainduko dituztela.
Ikerkuntza luzatu daitekeen denbora ikerketaren, tripulazioaren lankidetzaren eta proben araberakoa izango dela azpimarratu du Afifipurrek.
Arabiar Emirreri Batuetatik Saudi Arabiako portu batera zihoan ontziak nabigazioa arauak hautsi izana ezeztatu du Stena Bulk enpresak.
Alemaniak diplomazia eskatu du "gerra saihesteko"
Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak Pertsiar golkoan "gerra" berri bat pizteko arriskuaz ohartarazi du, eta hori saihestea eskatu du. "Gerra ekiditea da helburua", esan du elkarrizketa batean.
"Europako bazkideekin eta eskualdeko herrialdeekin batera egiten ari garen esfortzu guztiak helburu hori lortzeko bideratuta daude", esan du.
Omanek Stena Impero askatzera bultzatu du Iran
Omanek Stena Impero petrolio-ontzi britainiarra askatzera bultzatu du Iran, Persiar golkoko tentsioa baretzeko.
Gainera, arabiar herrialdeak neurritasuna eskatu die alde guztiei, desberdintasunak diplomaziaz konpontzeko beharra nabarmenduz.
Horrez gain, Bahreinek ere ontziaren harrapaketa gaitzetsi du eta ekintza "arduragabeei" amaiera emateko exijitu dio Irani.
Teheranen arabera, Guardia Iraultzailek gelditzeko eskatu zion petrolio-ontzi britainiarrari, baina ez zuen kasurik egin. Azkenean, abiadura-txalupek eta helikoptero batek abordatu zuten ontzia.