Mundua -
Iran
Iranek itun nuklearra urratzea leporatu dio Londresi, haren ontzi bat atxiki ostean
2015ean sinatutako akordio nuklearra bermatzeko bilera egin aurretik, Iranek itun hori urratu izana leporatu dio Erresuma Batuari.
Agentziak | Erredakzioa
2015ean sinatutako akordio nuklearra bermatzeko bilera egin aurretik, Iranek itun hori urratu izana leporatu dio Erresuma Batuari, Errepublika Islamikoko petrolio-ontzi bat Gibraltarren atxiki ostean.
Ekintza bateraturako plan integralari (JCPOA, ingelesezko sigletan) atxikita jarraitzen duten bost potentziak Iranekin bildu dira igande honetan, AEBk iaz akordioa hautsi eta Iranek konpromiso guztiak beteko ez zituela iragarri ostean nazioarteko itun nuklearra nola bermatu dezaketen aztertzeko asmoz
Duela zenbait astetik Iranek ez ditu betetzen uranio aberastuaren kantitateari eta garbitasunari lotutako bere betebehar batzuk. Uranio aberastuak erabilera zibila edo militarra izan dezake.
Iranek bere petrolioa saldu ahal izatea eskatzen du, hori baita bere diru iturri nagusia. Arrazoi horregatik, AEBri eta Erresuma Batuari presio egiten ari die, Ormuzko itsasartean (Persiar golkoan) dituzten petrolio-ontzi batzuen aurkako ekintzekin.
Akordioa sinatu duten Europako hiru herrialdeek -Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak-, Errusiak eta Txinak lagunduta, Iranekin merkataritza akordioak errazteko prest daudela esan dute. Horretarako finantza mekanismo bat sortu dute, Instex izenekoa, AEBk ezarritako zigorren ondorioak saihesten diena Errepublika Islamikoarekin negozioak egiten dituzten Europako enpresei.
2015ean sinatu zuten ituna, eta AEBk ere akordioa babestu zuten. Irango programa nuklearra mugatzea du helburu, batik bat herrialde horrek bonba atomikoak lortzea saihesteko, Errepublika Islamikoarentzat lasaigarri ekonomikoen truke.