Mundua -
Urakana
Dorian 3. kategoriara igo da berriro, AEBko kostaldera bidean
20 pertsona hil dira Bahametan urakanaren ondorioz. Azken orduotan, gainera, haize-ufaden abiadura orduko 165 kilometrotik 185 kilometrora igo da.
agentziak | erredakzioa
AEBko kostalderako bidea hartuta, Dorian urakanak 3. kategoria harrapatu du berriro bart, eta orduko 185 kilometroko haizeteak neurtu dituzte hainbat tokitan, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak jakitera eman duenez.
Azken oharraren arabera, osteguneko 03:00etan (GMT) urakanaren begia Charleston Hego Carolinako hiritik 170 kilometrora zegoen, eta Wilmington Ipar Carolinako hiritik 365era. Dorian orduko 11 kilometroko abiaduran zihoan iparralderantz.
Meteorologoek aurreratu dutenez, litekeena da AEBko kostaldean ekaitz bortitzak egotea datozen egunetan.
Iragarpenek diote urakanaren begiak iparralderako norabidea hartuko duela ondorengo orduetan, nahiz eta gauean ipar-ekialderantz zuzenduko den.
Esan bezala, azken orduotan haize-ufaden abiadura orduko 165 kilometrotik orduko 185 kilometrora igo da.
Kategoria altuena, baina, asteburuan harrapatu zuen, Bahametan. Batez ere, Abaco uharteak eta Bahama Handia astindu zituen. 24 orduz kaosa eta sekulako hondamendia eragin zituen han.
Bahametako agintariek egindako azken balantzearen arabera, 20 pertsona hil dira Dorianen ondorioz. Gainera, hildakoen kopuruak gora egingo omen du, larrialdietarako taldeak suntsitutako inguruetara iristen direnenean.