Mundua -

KRISIA EKUADORREN

Erregaientzako laguntzak ezabatu zituen dekretua berrikustea agindu du Morenok

Horixe izan zen indigenen protestak hasi zituen erabakia. Igande honetan bilduko dira lehen aldiz mugimendu indigena eta Ekuadorko Gobernua Quiton, 15:00etan (Euskal Herrian 22:00ak direnean).

Lenin Moreno Ekuadorko presidentea aste honetan egin duen agerraldi batean. Argazkia: EFE
Lenin Moreno Ekuadorko presidentea aste honetan egin duen agerraldi batean.
Lenin Moreno Ekuadorko presidentea aste honetan egin duen agerraldi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak 883 Dekretua, erregaientzako laguntzak ezabatzen zituen dekretua, berraztertuko duela iragarri du bere Twitter kontu pertsonalean. Murrizketa hori izan zen, hain zuzen ere, indigenen protestak hasi zituen erabakia.

"Indigenen erakundeek eta gizarte sektoreek eskatu bezala, 883 Dekretua berrikusiko dugu bere eraginak aztertzeko, baliabideak landa inguruetara iristen direla bermatzeko, eta komunitate zein erabiltzailek euren errekurtsoak erabiltzea ahalbidetzeko" esan du presidenteak hiru txioko twitter hari bateko lehen mezuan.

Bigarren txio edo mezuan ondokoa iragarri du: "Enpresa pribatuek euren langileei hilero 20 euroko bonu bat ordaintzea proposatuko dugu eta geldialdi honen ondorioz esnea bota behar izan dutenei edo landaketak galdu dituztenei nola lagundu erabakiko dugu. Sektore guztiei lagunduko diegu".

"Ekuadorko Asanbladara bidaliko duen lege proiektuan funtzionario publikoei soldata eta oporrak murriztea aztertuko dugu. Enpresa handientzako zerga bat sortuko dugu, gainera, gehien irabazten dutenek gehien ordain dezaten" iragarri du hirugarren txioan.

Gainera, bideo bat argitaratu du eta bertan, berriz ere Rafael Correa presidente ohiari eta Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari leporatu die protesten atzean egotea: "Correa eta Madurok zuzentzen dituzten delinkuentzia politiko antolatuaren botere ilunak narkoterrorismoarekin, pandillekin eta atzerritar biolentoekin batera aritu dira inoiz ikusi ez den bortizkeria bat eragiten" salatu du.

Hari horri tiraka, Contraloriaren eraikinaren (Kontuen Auzitegia) aurka egindako erasoa "aurreko Gobernuaren ustelkeriaren probak ezabatzeko helburuz" egin dela esan du.

Igande honetan bilduko dira lehen aldiz mugimendu indigena eta Ekuadorko Gobernua Quiton

Ekuadorko Gotzain Konferentziak eta Nazio Batuen Sistemaren ordezkariek iragarri dutenez, gaur bilera egingo dute, lehen aldiz, indigenen mugimenduko ordezkariek eta Gobernuak. Bilera 15:00etan izango da Quiton (Euskal Herrian 22:00ak direnean).

Bi erakunde horiek esan dute "fede oneko elkarrizketa garatzeko borondatea izatea" espero dutela, "herrialdeak bizi duen egoera konplexu honi irtenbidea lehenbailehen emateko".

CONAIE Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak, bere aldetik, Indar Armatuei, Gotzain Konferentziari, NBEri eta beste erakundeei elkarrizketa horiek eta parte hartuko dutenak zaintzeko bermeak eskatu dizkie: "Batzorde horretan arituko diren buruzagi guztien segurtasuna bermatzeko eskatzen dugu publikoki" ohartarazi dute.

Tentsio handia bizi dute herrialdean azken orduetan. Etxeratze agindua ezarri zuen atzo Morenok Quiton, baina kazerolada zaratatsu bat ere izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Ekuador Dirulaguntzak Erregaiak