Mundua -

TURKIAREN ERASOAREN 5. EGUNA

Siria iparraldean dituzten tropa guztiak erretiratzeko agindu du Trumpek

Bestalde, agintari kurduek jakitera eman dutenez, Estatu Islamiarreko 785 atzerritarrek ihes egin dute Ain Issako atxilotze-eremutik Turkiaren bonbardaketak aprobetxatuz.

Tal Abyad, Siria iparraldean, Turkiak bonbardatuta. Argazkia: EFE
Tal Abyad, Siria iparraldean, Turkiak bonbardatuta.
Tal Abyad, Siria iparraldean, Turkiak bonbardatuta. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mark Esper AEBetako Defentsa idazkariak iragarri berri du Siria iparraldean dituzten tropa guztiak erretiratzeko agindua eman duela Donald Trump presidenteak. Turkiako indarrak eta kurduak borroka bizian dira inguru horretan.

"Segurtasun Nazionaleko taldekideekin hitz egin ondoren, presidentearekin egon nintzen bart eta Siria iparraldeko soldatuak erretiratzen hasiko ginela adierazi zidan" kontatu du Esperrek CBS telebista kateko "Face the Nation" saioan egin dioten elkarrizketan.

AEBetako 1.000 soldadu inguru daude une honetan Siria iparraldean eta horiek lekualdatzea erabaki dute "Turkiak hasiera batean pentsatua baino hegoalderago eraso egiteko asmoa duela jakin ostean".

Milizia kurduek osatutako FSD Siriako Indar Demokratikoak AEBen aliatu garrantzitsuak izan dira orain arte Estatu Islamikoaren (EI) aurkako borrokan. Kurduak Siriako erregimenarekin eta Errusiarekin akordioa egin nahian dabiltzala ere adierazi du Esperrek, kontraeraso bat burutzeko asmoz.

Duela bi egun prentsaurrekoa eman zuen Esperek eta AEBek ez zituela EIren kontrako borrokan aliatu izan dituenak "abandonatuko" esan zuen, baina gaur iragapen hau egin du.

Hain zuzen ere, Estatu Islamikoarekin lotutako 785 atzerritarrek ihes egin dutela Ain Issako atxilotze-eremutik jakinarazi dute gaur agintari kurduek. 12.000 jihadista eta EIko kideen 70.000 senide zituzten eremu horretan baina turkiarren erasoen aurrean gutxitu egin behar izan dute eremu horretako zaintza, euren burua defendatzeko. Hala, bonbardaketa aprobetxatu dute ehunka pertsona horiek ihes egiteko.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak gezurtatu egin du ihesaren albistea eta mendebaldearen erantzuna pizteko sortutako "desinformazioak" direla esan du. Erdoganek adierazi du "faltsua" dela albiste hori eta AEB zein mendebaldeko herriak probokatzea duela helburu.

Trumpek, bien bitartean, mezua argitaratu du AEBek Turkiari "zigor gogorrak" jarriko dizkiola iragarriz.

Europako Batasuneko ministroek astelehenean aztertuko dute gaia

Europako Batasuneko ministroek astelehenen honetan aztertuko dituzte Turkiaren erasoak eta horien ondorioak Luxemburgen espresuki deitu duten bilera batean.

Jada esan dute Turkiaren jarrera bakearen kontrakoa dela, erasoak bertan behera uzteko eskatu diote, eta astelehen honetan Turkiari zigor gehiago jartzea aztertuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Turkia Donald Trump Siria albisteak gaur Ekialde Hurbila gaur