Mundua -

Gerra Sirian

Akordiorik gabe amaitu da Segurtasun Kontseiluak Siriako erasoaldiaz egindako bilera

Turkiak abiatutako ekintza militarrak nazioarteko herrialdeen koalizioak Estatu Islamikoaren aurka lortutako "lorpenak arriskuan" jartzen dituela ohartarazi du NBEren Segurtasun Kontseiluak.

Turkiak Siria iparraldea hartu du milizia kurduen aurkako erasoaldian. Argazkia: EFE
Turkiak Siria iparraldea hartu du milizia kurduen aurkako erasoaldian. Argazkia: EFE
Turkiak Siria iparraldea hartu du milizia kurduen aurkako erasoaldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiak Siria ipar-ekialdean dauden kurduen aurka abiatutako erasoaldi militarra aztertzeko asmoz Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak ostegunean egin duen bilera akordiorik gabe amaitu da.

Erakundea osatzen duten Europar Batasuneko herrialde batzuek (Belgika, Frantzia, Alemania, Polonia eta Erresuma Batua), baita Batzordea osatzera igaroko den Estoniak ere, kezka agertu dute Siria iparraldeko egoerarekin, eta atzera egiteko eta "alde bakarreko ekintza militarra eteteko" eskatu diote Ankarari.

Sei herrialdeek sinatutako ohar batean adierazi dutenez, "ez dugu uste erasoaldiak Turkiak segurtasunaren inguruan dituen kezkei helduko dionik", eta, horien arabera, Siria ipar-ekialdeko "liskarrak berpizteak eskualde osoaren egonkortasuna ahulduko du, herritarren sufrimendua areagotuko du eta joan-etorri gehiago eragingo ditu, eta horrek inguruan dauden errefuxiatu eta desplazatuen kopurua handituko du".

Sinatzaileen iritzian, Turkiak abiatutako operazio militarrak "nazioarteko herrialdeen koalizioak Estatu Islamikoaren aurka lortutako lorpenak arriskuan jartzen ditu", eta, gainera, koalizioaren "tokiko aliatuen segurtasuna arriskuan jarriko du".

"Litekeena da Siria ipar-ekialdean eratu nahi den 'eremu segurua' deiturikoak errefuxiatuen itzulerarako nazioarteko irizpideari erantzutea. Errefuxiatuen eta desplazatuen itzulera segurua, borondatezkoa eta duina izan behar dela uste dugu", adierazi dute.

Horren aurrean, "aldaketa demografikorako edozein saiakera onartezina izango da", NBEren Segurtasun Kontseiluaren esanetan. "Argi utzi nahi dugu Europar Batasunak ez duela laguntzarik eskainiko tokiko biztanleen eskubideak baztertuak izan diren gaietan aurrera egiteko", gaineratu du.

Hala, Siriaren "batasun, subiranotasun eta lurralde osotasunarekiko konpromisoa" berretsi ostean, "zibilen babesa bermatzeko" eskatu diete dagokien aldeei, Siria osoan bake iraunkorra ahalbidetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Europa Belgika Erresuma Batua Alemania Frantzia Atentatuak NBE Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Iran Errefuxiatuak Siria Ekialde Hurbila