Itxi

Mundua

Mobilizazioak

Frantziako gaurko greba orokorrak jarraipen zabala izango duela uste dute agintariek

Agentziak | Erredakzioa

Iparralden, azken egunetan baino tren zerbitzu gutxiago eskainiko dira, eta, Baionan, 10:30ean mobilizatuko dira. Aldaketarik ezean, sindikatuek ez dute baztertzen Gabonetan lanuzteekin jarraitzea.

  • Pentsio erreformaren aurkako grebak garraioa geldiarazi du Frantzian.

    Pentsio erreformaren aurkako grebak garraioa geldiarazi du Frantzian. Argazkia: EFE

Mobilizazio egun handia espero da gaur Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian, gobernuaren pentsio erreformaren aurka deitutako greba orokorreko egun berri batean, garraioen sektorean deitutako greba mugagabearekin batera. Ildo horretatik, tokiko agintariek milioi bat pertsona inguru mobilizatuko direla uste dute.

Iparralden, azken egunetan baino tren zerbitzu gutxiago eskainiko dira, eta, Baionan, 10:30ean mobilizatuko dira manifestariak. Aldaketarik ezean, sindikatuek ez dute baztertzen Gabonetan lanuzteekin jarraitzea.

Astearte honetan, garraio publikoaren sektorean grebak jarraipen zabala izatea aurreikusten da, batez ere trenbidearenean, pentsioen erreformarako proposamenak eragin handia baitu sektorean, baina baita aireportuetan eta ikastetxeetan ere. Testuinguru horretan, Errepublika plaza eta Nazioaren plazaren arteko martxa da gaurko aurreikusitako mobilizazio nagusia.

Garraioari dagokionez, Paris barne hartzen duen Frantziako Uhartean, metroko hamasei lineetatik zortzi itxita egongo dira. Gainera, abiadura handiko lau trenetik bakarra ibiliko da, Transilien hiriarteko bost trenetik bat, eta TER eskualdeko hamar trenetik hiru.

Bestalde, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak sindikatuak eta patronala deitu ditu biharko, 14:30ean, pentsioen erreformaren inguruan aldebiko bilerak egiteko asmoz. Ostegunean, lehen ministroak “alde guztiak” bilduko ditu beste bilera batean, 16:00etan, eta, “arratsalde amaieran, garraio publikoko konpainietako zuzendariak hartuko ditu, SNCF eta RATP enpresekin hasitako elkarrizketaren emaitzen balorazioa egiteko”, lehen ministroaren bulegoak jakinarazi duenez.

Zehazki, Parisko Garraio Konpainia Autonomoa da RATP, alegia, Parisko Metroa, autobusak eta tranbiak kudeatzen dituen enpresa.

Greba hezkuntzan

Hezkuntza sektoreari dagokionez, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta sindikatuek uste dute irakasleen mobilizazioek gero eta jarraipen zabalagoa dutela, batez ere joan den asteko mobilizazioek izan zuten babesarekin alderatuta. Hezkuntza Ministerioaren arabera, lehen hezkuntzako irakasleen % 25ek greba egingo dute gaur.

Lehen Hezkuntzako irakasleak ordezkatzen dituen sindikatu nagusiak, hau da, Bigarren Hezkuntzako, Unibertsitateko eta Elkargoetako Irakasleen Sindikatu Nazional Unitarioak (SNUIPP-FSU, frantsesezko sigletan), % 50eko jarraipena aurreikusi du.

Joan den asteartean, greba orokorrak % 12,41eko jarraipena izan zuela esan zuen Hezkuntza Ministerioak, baina, sindikatuentzat, berriz, % 30era iritsi zen.

Parisen, lanuzteek jarraipen oso zabala izatea espero dute sindikatuek, izan ere, hiriko 650 ikastetxeetatik 178k iragarri dute jada itxita egongo direla. SNUIPP-FSU sindikatuaren arabera, irakasleen % 60k greba egingo dute hiriburuan.

Zehazki, Emmanuel Macron presidenteak proposatutako pentsioen erreformari aurre egiteko deitu dituzte protestak herritarrek. Egungo 40 eskema bateratu nahi ditu Macronek, langileen arteko berdintasunari lagunduko duena, presidentearen ustetan.

Sindikatuek agertu dituzten kezken artean, pentsio osoa lortzeko bi urte gehiago kotizatu behar izatea edo garraio publikoko funtzionarioentzako eta medikuentzako aurre-erretiroko planak bertan behera uztea aipatu dituzte.

Erreformaren bultzatzaileak dimisioa eman du

Bestalde, Jean-Paul Delevoyek, Frantziako Pentsioetarako Goi Komisarioak, Emmanuel Macronen Gobernuak bultzatutako erreformaren arduradunak, dimisioa eman du ustezko interes-gatazka batengatik, deklaratu gabeko jarduera profesionalak argitara atera ostean.

Aitortu ez zituen karguen artean, aseguru pribatuen institutu bateko borondatezko administratzaile gisa lanean aritu zela ageri da, eta, teorian, exekutiboak aurrera atera nahi duen erreformaren onurak jasoko lituzkeen sektoreetako bat da hori.

Delevoyek dimisio gutunean aitortu du akats bat egin zuela bere lanpostu anitzen berri ez emateagatik, baina irregulartasunak ukatu ditu, eta kasuaren "instrumentalizazio" bat salatu du. Ildo horretatik, Macronen ahaleginei kalte ez egiteko atzerapauso bat ematea nahiago duela adierazi du, eta Frantziarentzat "funtsezkoa" den proiektu bat aurrera ateratzeko beharra azpimarratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena