Mundua -
Gatazka
Hamasen kontrolpeko eremu bat bonbardatu du bart Israelek
Israelgo Armadaren arabera, Hamasek herenegun egindako jaurtiketa bati erantzunez etorri da gaurko bonbardaketa.
Agentziak | Erredakzioa
Israelgo Armadak Hamas mugimendu islamistaren kontrolpean dauden lur-eremuak bonbardatu ditu gaur goizaldean Gazako Zerrendan, ustez Hamasek botatako jaurtigai bati erantzunez.
Israelgo Armadak ohar baten bidez adierazi duenez, Hamas "Gazako Zerrendan edo Gazatik egiten dituen ekitaldi guztien erantzulea da", eta mugimendu islamistak "zibil israeldarren aurka abiatutako ekintzen ondorioak jasango ditu".
Palestinako segurtasun iturriek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez, bonbardaketek Gazako hegoaldean eta mendebaldean beste talde armatu batzuk ere hartu zituzten, eta, zauriturik izan ez arren, azpiegituretan kalte larriak izan ziren.
Jaurtiketak alarma piztu zuen Ashkelon hirian, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren hauteskunde ekitaldi bat eten zuen. Segurtasn indarrek ekitalditik atera zuten Netanyahu.
Duela astebete baino gutxiago bi suziri jaurti zituzten Gazatik, eta Israelgo Armadak Hamas mugimendu islamistaren helburu militarrak bonbardatu zituen.
Azaroaren 16an gatazkaren bi aldeek su-etena adostu zuten, erasoaldi bortitz baten ondoren; Gazako 36 herritar hil ziren eraso haietan, 20 zibilak eta 16 milizianoak. Ordutik, egoera baretu bada ere, tarteka atzokoa bezalako erasoak gertatzen ari dira.
Egiptok eta NBEk, bitartean, Israelen eta Hamasen arteko iraupen luzeko su-etena lortzeko bitartekari lanak egiten ari dira. Hamasek 2007tik kontrolatzen du Gazako Zerrenda, eta urte horretan hasi zen Israelen blokeo bortitza, bi milioi pertsona bizi diren gunean.