Mundua -

AEB - Iran

Soleimanik AEBk Bagdaden duen enbaxada 'leherrarazi' nahi zuela esan du Trumpek

Ordezkarien Ganberak Iranen aurkako Trumpen ekintza militarrak "mugatzeko" ebazpen bat onartu du. Horren bidez, "AEBk Iranen burutzen dituen ekintza militarrak 30 egunen buruan amaituko dira".

Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, AEBko presidentea.
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen arabera, joan den astean Iraken izandako bonbardaketa batean hildako Qasem Soleimani jeneral irandarrak AEBk Bagdaden duen enbaxada "leherrarazteko" asmoa zuen.

Ildo horretatik, horrelako operazioetarako Kongresuaren baimena eskatu behar izatea salatu du Trumpek, "erabaki bat segundotan hartu behar delako".

Halaber, "munstro bat defendatzea" leporatu dio Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari, bonbardaketa kritikatzeagatik, eta herrialdearentzat jarrera hori "oso txarra" dela gaineratu du.

Bestalde, Pelosik adierazi du ez duela uste herrialdea "seguruagoa" denik Soleimani hil zuen "bonbardaketa probokatzaile eta neurrigabea" egin ondoren. Dena dela, jeneral irandarra "gauza txarrak egin zituen pertsona gaiztoa" zela esan du.

Ordezkarien Ganberak Iranen aurkako Trumpen ekintza militarrak "mugatzeko" ebazpen bat bozkatu baino lehentxeago egin ditu adierazpen horiek Pelosik. Horren bidez, "Kongresuaren agindu berririk ez badago, Administrazioak Iranen burutzen dituen ekintza militarrak 30 egunen buruan amaituko dira".

Soleimani, Abu Mahdi al Muhandis Herri Mobilizazio Indarren 'bigarrenarekin' eta hainbat milizianorekin batera hil zen, eta, eraso horren ostean, mendekua hartuko zuela esan zuen Teheranek.

Soleimaniren heriotzari erantzunez, AEBk Iraken dituen bi base militarri misilekin eraso zien Iranek asteazkenean.

Iranen aurkako Trumpen ekintza militarrak mugatu dituzte

Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak ebazpen bat onartu du, Iranen aurkako  Trumpen ekintza militarrak "mugatzeko", aldeko 224 botorekin eta kontrako 194rekin. Zortzi demokratek bat egin dute errepublikanoekin ebazpenaren aurka egiteko, eta hiru errepublikanok, berriz, alde bozkatu dute.

Dena dela, ebazpen hori Senatuan bozkatu behar da orain, neurria "behin-behinekoa" baita. Horrek esan nahi du bi ganberen onespena baino ez duela behar, eta, beraz, presidenteak ez du sinatu behar eraginkorra izan dadin.

Zehazki, ebazpenak "presidenteari agintzen dio bertan behera utz dezala AEBko Indar Armatuen erabilera Irango Gobernuaren edo Armadaren aurkako liskarretan parte hartzeko, salbu eta AEBko Kongresuak gerra deklaratu badu edo berariaz liskarretan parte hartzeko baimena eman badu", CBS telebista kateak zabaldutako testuaren arabera.

Gainera, testuak baimena ematen die Indar Armatuei "AEBren aurkako eraso armatu baten aurka defendatzeko beharrezkoa edo egokia" bada, baina ez beste edozein kasutan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump Asia Irakeko albisteak Ekialde Hurbila gaur Siria gaur