Mundua -

Iruzkina

Arrazoibidea eta arrazoia

Errefuxiatuen irudiak jasanezinak dira enpatia txikiena duen pertsonarentzat. Haserrea areagotu egiten zaigu jende hori Estatuen, boteretsuen edo buru politikoen arteko lehia-tresna bilakatzen denean.

Juanjo Sanmiguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon heldua, negarrez, bere ezina aitortzen; alboan, haurrak, argazkilariari edo kamerari begira; urrutixeago, emakume-taldea, samina beloen azpian ezkutatzen… Euria, hotza eta lokatza. Horixe da Sirian bertan, Turkian, Grezian dauden errefuxiatu-eremuetan ohikoa bihurtu zaigun irudia. Iragan beldurgarritik ihesi, etorkizuna eten zaien pertsonak eta familiak, lokatz arteko orainean ez aurrera ez atzera daudenak.

Irudi horiek jasanezinak dira enpatia txikiena duen pertsonarentzat. Haserrea areagotu egiten zaigu jende hori Estatuen, boteretsuen edo buru politikoen arteko lehia-tresna bilakatzen denean. Eta horixe gertatzen ari da oraintxe bertan, Grezia eta Turkiaren arteko mugan. Tayip Erdogan presidente turkiarrak bere herrian babestuta, gerratik ihesi iritsitako errefuxiatu siriarrak erabili nahi ditu bere helburu politikoak lortzeko, Europar Batasuna presionatzeko, alegia. Europar Batasunak, jende-oldearen arriskua ikusita, ez du eragozpenik izan oinarrizko eskubideak urratu eta asilo eskaria egiteko aukera hilabetez bertan behera uzteko. Muga, berriz, soldaduz josi du, eta mezu zehatza igorri: muga ez du inork gaindituko.

Europar Batasunak giza eskubideen babesleku izan nahi du, baina auzi honetan ez du eragozpenik izan edozein lotsatuko lukeen erabakiak hartzeko. Eta hori ontzat ematea ezinezkoa zaigu. Baina kritika zorrotzenak egin dituztenek, Europar Batasuneko buruzagiak tribunaletan epaitzeko prest daudenek, euren izenean horrelakorik ez egiteko eskatu dutenek… ez dute ordezko ezer jarri mahai gainean. Ateak erabat ireki beharko genituzke? Zenbat etorkin eta errefuxiatu onartuko genituzke gure herrian, gure etxean? Zer galtzeko prest gaude, beraiek zerbait irabazi dezaten? Galdera horiei erantzun beharko genieke lehendabizi, noraino iritsi gintezken jakiteko.

Eta azken urteotako gertakariek erakusten digute arazoa ez dela agintariena bakarrik. 2015ean, Europako ateetan zeuden errefuxiatuen egoera pairaezina bilakatu zitzaionean, Angela Merkelek Alemaniako mugak ireki zituen, bi egunetan 13.000 sartu ziren eta urte horretan milioi eta berrehun mila, erdiak siriarrak. Merkelek goraipamenak jaso zituen alde guztietatik, baina lehen kritikak bere herrikideek egin zioten. Herritarren presioaren ondorioz, mugak itxi behar izan zituen, bere koalizioan benetako iskanbila sortu zen, eta Europako Gobernu gehienek atzera egin zezala eskatu zioten. Alemanian bertan, eskuin muturrak gora egin du harrezkero, eta etorkinekiko jarrera gogortu.

2015ean gertatutakoak agerian utzi zituen Europar Batasunak dituen kontraesan guztiak. Migrazio- eta errefuxiatu-politika Estatuen eskumena da, ez Elkartearena, eta estatuek behin eta berriz erakutsi dute ados jartzeko ezina. Baina herritarrek jarrera eta iritzi ezberdina azaldu dute hartu beharreko kanpotar horiek telebistan ikusi dituztenean, edo etxetik gertu azaldu zaizkienean. Kanpotarrak derrigorrezkoak ditugu, baina ekartzeko borondatea ez da nahiko, gizakia gizaki denetik arazo konponezina izan den auzia bideratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Hugo Chavez Migrazioa Europa Alemania argazkiak Juanjo san Miguel Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Errefuxiatuak azken ordukoa