Mundua -
Erasoen ostean
Batzorde batek Norvegiako atentatu bikoitza ikertuko du
"Erasoen nondik norakoak argitzea garrantzitsua da ikasbideak ateratzeko", adierazi du Norvegiako lehen ministroak. Utoyako tiroketako beste 13 biktimen izenak jakitera eman ditu Poliziak.
Erredakzioa
Uztailaren 22an, Oslon eta Utoyako uhartean jazotako atentatuak ikertuko dituen batzorde independente bat sortuko dutela iragarri du gaur Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroak. Erasoetan 76 pertsona hil ziren.
Norvegiako Exekutiboko buruzagiaren hitzetan,"erasoen nondik norakoak argitzea garrantzitsua da gertatutakoaz ikasbideak ateratzeko". Prentsaurrekoan arratsaldean azaldu duenez, "tragedia nazionala da, nazioaren aurkako eraso bat".
Erasoen aurrean Poliziak behar bezala erantzun ote zuen eta herrialdea atentatu hauei aurre egiteko prest dagoen argituko du batzordeak, besteak beste.
Egoitza ofizialeko lorategietan egin du agerraldia Stoltenbergek, ordezkaritza duten alderdi guztietako buruzagiek lagunduta. Biktimen hileta-elizkizunen gastu guztiak ordaintzeko konpromisoa hartu du Estatuak, Stoltenbergek kazetarien aurrean azaldu duenez.
Bestalde, beste 13 biktimen izenak argitaratu ditu gaur Poliziak. Aurreneko datuak atzo jakinarazi zituen. Utoyako uharteko tiroketak utzitako biktimen izenak soilik agertzen dira zerrenda berrian. Besteak beste, orain arteko biktimarik gazteena agertzen da zerrendan, 14 urteko neskato bat.
Armarik gabe entregatu zen
Anders Behring Breivik Norvegiako atentatu bikoitzaren egilea eskuak jasota eta armarik gabe entregatu zen, Poliziako iturriek gaur jakitera eman dutenez.
Delta unitate bereziko agenteek Utoyako uhartean inguratu zutenean Breivik entregatu egin zen. Breivik "otso bakarti" zela uste dute Norvegiako zerbitzu sekretuek.
Anders Breivikek 1.000 lagunei bidali zien 1.500 orriko idazkia, tartean, 250 britaniarrei, The Guardian egunkariaren edizio digitalak zabaldu duenez. Posta elektronikoaren bitartez, Breivikek sarraskiaren abisua eman zuen baina atentatuaren lekua zehaztu gabe.
Atentatuen ustezko egileak Andrew Berwick izena erabili zuen. Idazkiarekin batera, Youtuben eskegitako bideoaren esteka bat zihoan. Breivikek bidalitako posta elektronikoan honako mezua zen irakurgai: "Zuretzako opari bat da; ezagutzen dituzunen artean zabaldu ezazu".