Mundua -

Koronabirusa Ekuadorren

Etxeratzeko aginduaren zain dira Guayaquilen, heriotzek gora egiten duten bitartean

Ekuador osoan hil diren 3.163 pertsonetatik 2.243 Guayaseko probintzian hil dira. Guayaquilen 300 hilotz etxeetatik jaso behar izan dituzte gorputegiak gainezka daudelako.

Ekuadorreko biztanleak, supermerkatuen ateetan zain. Argazkia: Efe.
Ekuadorreko biztanleak, supermerkatuen ateetan zain
Guayaquilek gorpuak berreskuratzen jarraitzen du

0:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guayaquilen hilobiratzeko hilotzak batzen jarraitzen dute biztanleen artean beldurra nagusi den bitartean, hiru eguneko etxeratzeko agindua ematea proposatu baitute agintariek, COVID-19aren eragina geldiarazten saiatzeko.

Pedro Pablo Duart, probintziako gobernadoreak etxeratzeko agindua emateko proposamen ofiziala egin du, baina, momentuz, ez dute onartu. Hala ere, eta proposamenaren berri izan ostean, goizeko lehen orduetatik ehunka pertsona banketxeen eta supermerkatuen inguruetan bildu dira dirua atera eta jatekoa erosteko.

Izua populazioaren artean zabaldu da birusaren eraginaren inguruko datuak aditzera eman direnean: azken orduetan 22 pertsona hil dira Guayaquilen eta hildakoen kopurua 122ra igo da, asteazkenean baino % 22 gehiago.

Orotara, Ekuadorreko kostaldean dagoen Guayaseko probintzian 2.243 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, Ekuador osoan 3.163 hil diren bitartean. Positiboei dagokienez, 1.520 antzeman dituzte, kutsatzeek eta heriotzek osasun sisteman kaosa eragiten ari direnean.

Hildako asko eta asko ezin izan dituzte lurperatu, zerbitzuek gainezka egin dutelako. Azken datuen arabera, 300 hilotz inguru etxeetatik bildu dituzte, gorputegiak gainezka daudelako eta Polizia Nazionaleko Kriminalistikako zerbitzuek ezin izan dituztelako jaso.

Guayaquileko alkatearen eskaera

Cynthia Viteri Guayaquileko alkateak udal zerbitzuek hilotzak jaso ahal izateko baimena eskatu dio Ekuadorreko gobernuari, hiriak bizi duen egoera "oso larria" ikusita.

Viterik duela bi aste iragarri zuen koronabirusak kutsatuta zegoela. Hilotzak jasotzeko baimenari dagokionez, "gorpuen garraioa segurtasun protokoloei jarraituta egiten dela ziurtatzeko bi lekukoren presentzia" eskatuko dutela azaldu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Ekuador Koronabirusa