Mundua -

Koronabirusa

Milioi bat kutsatutik gora eta 51.485 hildako daude jada munduan

Ameriketako Estatu Batuak dira gaixo gehien duen herrialdea: 236.339 kasu positibo baieztatu dituzte. Heriotza kopuru handienak, berriz, Italian eta Espainian eman dira.

Times Square, Manhattan, New York. Argazkia:EFE
Times Square, Manhattan, New York
Times Square, Manhattan, New York. Argazkia:EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koranabirusak munduan barrena hedatzen jarraitzen du. Txinako Wuhan hirian agertu zenetik, milioi bat lagun kutsatuta daude eta 51.485 pertsona hil dira munduko herrialde ezberdinetan.

Gobernuak salbuespeneko neurriak ezartzen ari diren arren, azken asteotan nabarmen egin du gora kutsatuen kopuruak.

Johns Hopkins Unibertsitateak bildutako datuen arabera, 1.002.159 pertsonek eman dute positibo COVID-19aren proban.

Joan den astetik hona, Ameriketako Estatu Batuak dira gaixo gehien duen herrialdea munduan. Gaur arte, 236.339 kasu positibo baieztatu dituzte eta 5.600 estatubatuar zendu dira. Inoizko osasun krisirik larrienaren aurrean daude. Donald Trump presidenteak esan du 100.000-240.000 pertsona hil daitezkeela aurreikusten dutela.

AEBn ondotik, Italia, Espainia eta Alemania dira kutsatu kopuru handiena duten herrialdeak, hurrenez hurren.

Egun bakarrean izandako positiboei dagokionez, aipatzekoa da AEBk Txinari aurrea hartu diotela. Otsailaren 13an, 15.000 kasu positibo baino gehiago zenbatu zituzten Txinan.

Edonola ere, une honetan Italia da heriotza gehien jasan duen herrialdea: ia 14.000 lagun hil dira eta beste 115.000 kutsatuta daude. Espainian, ostera, 10.000 pertsona baino gehiago zendu dira eta 110.000tik gora koronabirusak jota daude.  

Bitartean, badirudi Txina gaitza menperatzeko bidean sartu dela. Hainbat hilabetez munduko daturik okerrenak izan eta gero, egun 82.400 kutsatu daude eta 3.300 pertsona hil dira.

Gaixotutakoen kopurua aintzat hartuta, Alemania Txinari aurretik jarri da 84.600 kasu positiborekin, baina herrialde horretan mila lagun inguru zendu dira.

Frantzian 59.929 pertsona daude kutsatuta eta 4.500 hil dira. Iranen gaixotutakoak 50.468 dira; eta hildakoak, 3.160. Erresuma Batuan, berriz, 34.164 kasu baieztatu dituzte eta 3.000 hildako inguru izan dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Belgika Errusia Espainia Alemania Frantzia Herbehereak Japonia Gizartea Mexiko Grezia Eguneko albisteak Albisteak Turkia Israel Kolonbia Panama Brasil Italia Norvegia Argentina Txile Osasun albisteak Hego Korea Suitza Suedia Portugal Ekuador Australia Kanada Indonesia Danimarka Austria Finlandia Filipinak Koronabirusa