Mundua -
Koronabirusa
Egonkortasun Mekanismoak ia baldintzarik gabe mailegatzea onartu du Eurotaldeak
Hala, ohiko erreskateetan baino askoz ere baldintza gutxiagorekin eskatu ahalko dituzte maileguak euroguneko herrialdeek, osasun-gastuak finantzatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Eurotaldeak Egonkortasun Mekanismoak COVID-19aren pandemiarako kreditu-linea bat bideratzea adostu du ostiral honetan. Kreditu-linea horren bidez, ohiko erreskateetan baino askoz ere baldintza gutxiagorekin eskatu ahalko dituzte maileguak euroguneko herrialdeek, osasun-gastuak finantzatzeko.
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek lineako azken xehetasunak adostu dituzte; erreskate-funtsak 240.000 milioi euroko linea abiatuko du, ekainaren 1etik. Egonkortasun Mekanismoaren Gobernu Kontseiluak, baina, onartu egin behar du, bai eta zenbait herrialdetako parlamentuek ere.
Laguntza horren helburua da herrialdeek finantzazioa arrazoizko kostuan eskuratu ahal izatea, merkatuetan zailtasunak topatuz gero, baina baldintza oso gutxirekin, erreskateei lotutako estigma saihesteko. Halaber, xedea da ekiditea Estatuek erabakitzea ez dutela eskatuko.
"Tresna honetan, oso garrantzitsua den zerbait dago: ez dagoela herrialdeetarako estigmarik. Guztiek dute eskuragarri, horiek eskuratzeko baldintza estandarizatuak daude, trokikak gerora ez du gainbegiratuko", nabarmendu du Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak, bideokonferentziaz egindako bileraren osteko prentsaurrekoan.
Hain zuzen ere, kreditu-linea hori eskatzen duten Estatuek euren Barne Produktu Gordinaren % 2rainoko mailegua jaso ahal izango dute (Estatu espainiarraren kasuan, 24.900 bat milioi euro). Horrekin, koronabirusaren krisiari lotutako osasun-gastuak (zuzenak zein zeharkakoak) ordaindu ahalko dituzte.
Baldintza bakarra izango da dirua benetan asmo horietarako erabiltzea, nabarmendu dute hainbat aldiz Centenok, Pablo Gentiloni Ekonomia komisarioak eta Egonkortasun Mekanismoaren zuzendari gerente Klaus Reglingek.
Ondorioz, aurreko finantza-krisian eskatutako erreskatetan exijitutako baldintza makroekonomikoak ez zaizkie oraingoan eskatuko herrialdeei; adibidez, ez dituzte ezarri beharko laztasun-politikarik, ezta egiturazko erreformarik ere.
Aldaketarik egon ezean, linea 2022ko abenduaren 31ra arte izango da aktibo.