Mundua -

Koronabirusa

Frantziak udarako turismo-erreserbak egitera animatu ditu bere herritarrak

Emmanuel Macronen Gobernuak turismo-sektorerako plana iragarri du, diru-kutxa publikoetako 18.000 milioi euro mobilizatuko dituena.

Frantziako mendebaldeko hondartza baten irudia. Argazkia: EFE.
Frantziako mendebaldeko hondartza baten irudia
Frantziako mendebaldeko hondartza baten irudia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak uztailerako eta abuzturako erreserba turistikoak egiten hastera animatu ditu Frantziako herritarrak. Halaber, Philippek turismo-sektorerako Estatuko plana iragarri du, laguntza zuzenak, bermatutako maileguak eta salbuespen fiskalak kontuan izanik, diru-kutxa publikoetako 18.000 milioi euro mobilizatuko dituena. Izan ere, Frantzian, koronabirusaren krisiak kalte nabarmena egin dio turismoaren sektoreari.

Herritarrak udarako erreserbak egitera animatu ostean, Philippek ziurtatu du turismo-enpresarien elkarteek konpromisoa hartu dutela erreserbak osorik itzultzeko, baldin eta pandemiak, azkenean, bidaia horiek egitea galarazten badu.

Frantziako lehen ministroak adierazi duenez, herrialdeko tabernek, jatetxeek eta hotelek ekainera arte, behintzat, itxita jarraituko dute, eta maiatzaren 25eko astean egoera berraztertuko dute. Philipperen iritziz, "frantziarrek, aurten, aukera izango dute Frantzian oporretan joateko".

Gobernuak iragarritako Estatuko planari dagokionez, lehen ministroak esan du "aurrekaririk gabeko ahalegina" dela, "Frantziako ekonomian puntakoa den sektore bati laguntzeko; izan ere, historiako egoerarik txarrenari aurre egin behar dio".

Testuinguru honetan, Philippek gogora ekarri du turismoak Frantziako Barne Produktu Gordinaren ia % 8 sortzen duela, 2 milioi enplegurekin (zuzenak eta zeharkakoak kontuan izanik). COVID-19 gaitzak asko kaltetu du turismoa herrialdean. Turismoaz gain, ezin ahaztu pandemiak, guztira, 27.000 pertsona baino gehiago hil eta 140.000tik gora kutsatu dituela Frantzian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea bideoak Europa Frantzia berriak Baionako albisteak Biarritz bideoak Maule albisteak Donibane Garazi albisteak Hendaia bideoak Gaixotasunak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Emmanuel Macron Zuberoa Koronabirusa Lapurdiko berriak Nafarroa Behereko berriak Alarma egoera Deseskalatzea Frantziako Gobernua Uda