Itxi

Mundua

Erresuma Batua

EBk esan du elkarrizketak areagotuko dituela Erresuma Batuarekin akordioa egiteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bestalde, Londresek kritikatu du Europar Batasunak Erresuma Batuaren esku utzi duela negoziazioa desblokeatzeko ardura guztia. 'Brexit'a urtarrilaren 1ean gauzatuko da.

  • Michel Barnier Europar Batasuneko talde negoziatzaileko burua.

    Michel Barnier Europar Batasuneko talde negoziatzaileko burua. Argazkia: EFE

Europar Batasunak adierazi du elkarrizketak areagotuko dituela Erresuma Batuarekin akordio bat egiteko urria amaitu baino lehen.

"Denbora gutxi dugu, baina ordezkaritza britainiarrari negoziazioak areagotzeko proposatu diot, urria amaierarako denon gustuko akordioa egiteko, baina ez edozein preziotan", esan du Michel Barnier EBren negoziatzaileak gaur egindako agerraldian.  

Gaur eta bihar artean egiten ari diren goi-bileran, 'brexit'a gauzatzen denean Londresek eta Bruselak izan behar duten harremanaren baldintzak izan dituzte hizpide Europar Batasuneko agintariek. Trantsizio-epea amaitzen ari da eta 'brexit'a datorren urtarrilaren 1ean gauzatuko da.

Bi aldeen arteko balizko ituna, baina, datozen asteetan egin beharko litzateke, azaroan eta abenduan akordioa berretsi dezaten Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko parlamentuetan.

Barnierrek azpimarratu du akordio batera iritsi nahi dutela eta bera "azken eguneraino" negoziatzeko prest egongo dela.

"David Frost negoziatzaile britainiarrari bihar esango diot prest gaudela datozen egunetan lanak areagotzeko", erantsi du.

Ardura guztia bere gain utzi dutela kritikatu du Londresek

Agerraldi horren aurretik, Europar Batasuneko agintariek ebazpen bat onartu dute akordio batera heltzeko Erresuma Batuari "urratsak" eman ditzala eskatuz.

"Datozen asteetan negoziatzen jarraitzeko deia egiten dio Europako Kontseiluak Europar Batasuneko negoziazio taldearen buruari, eta Erresuma Batuari akordio batera heltzeko behar diren mugimenduak egin ditzala eskatzen diogu", dio testuak.  

David Frost negoziatzaile britainiarra, baina, deitoratuta eta harrituta agertu da, adierazpen horretan Europar Batasunak ez duelako aipatzen negoziazioak areagotuko dituela, Barnierrek ondoren iragarri duen moduan.

Halaber, balizko akordioa egiteko "urrats guztiak" Londresek eman behar izatea kritikatu du, EBk ardura guztia Erresuma Batuaren gain uzten duela iritzita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena