Mundua -
FRANTZIA
7 pertsona atxilotu dituzte Samuel Paty irakaslearen hilketarekin lotura dutelakoan
Atxilotuak 17 eta 21 urte artekoak dira, eta Angers, Lyon, Toulouse eta Sena eta Marne hirietan atxilotu dituzte.
O.A. | EITB MEDIA
Frantziako Poliziak beste zazpi pertsona atxilotu ditu Samuel Paty irakaslearen hilketarekin lotura dutelakoan. Lepoa moztu zioten urriaren 16an, Parisen, ikasgelan Mahomaren karikaturak erakusteagatik.
Susmagarriak 17 eta 21 urte arteko gazteak dira eta Poliziaren zaintzapean daude, Poliziaren iturriek Le Figaro egunkariari baieztatu diotenez. Angers, Lyon eta Tolosa (Okzitania) hirietan eta Seine-et-Marne departamenduan egin dituzte atxiloketak.
Aurretik beste hainbat pertsona atxilotu zituzten, tartean, Conflans-Sainte-Honorine ikastetxeko ikasleak. Hala ere, ustezko hiltzailearekin harremana izateagatik abenduan atxilotu zituztenak aske utzi dituzte.
47 urteko irakaslearen heriotzak zirrara eragin du gizartean. Irakasleak Mahomaren karikatura eztabaidagarri batzuk erakutsi zituen ikasgelan, adierazpen askatasunaz hitz egiteko. Ustezko hiltzailea, Frantzian errefuxiatutako 18 urteko txetxeniar bat, hil egin zuen Poliziak.