Mundua -
Alemania
Merkelek atzera egin eta Aste Santuan itxialdi zorrotzik egongo ez dela iragarri du
Aitortu duenez, "akatsa" egin du erabakia hartzean, eta horregatik "barkamena" eskatu die herritarrei.
E. G. | EITB MEDIA
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzera egin behar izan du gaur, eta iragarri Aste Santuan ez dela itxialdi zorrotzik izango. Apirilaren 1etik 6ra saltoki guztiek (elikagaiak saltzen dituztenak salbu) itxita egon behar zutela jakinarazi zuen atzo Merkelek berak, eta biharamunean, berriz, "akatsa" izan dela aitortu du.
"Akats hau nirea da, oso osorik. Barkamena eskatzen dizuet", erantsi du. Dena dela, gogorarazi behar da erabakia Alemaniako Gobernuak eta eskualdeetako 16 exekutiboek hartu zutela.
Itxialdiaren iragarpenak kritika gogorrak jaso ditu azken orduetan, eta egoera epidemiologikoak okerrera egin duen arren, azkenean atzera egin behar izan du kantzilerrak.
Merkelen esanetan, "erabakiak asmo ona zuen" baina lege arazoak sortzen zituen.
Martxoaren 8az geroztik, deseskalatze prozesuan murgildua dago Alemania. Ordutik, murrizketekin bada ere, zabalik dira txikizkako dendak, museoak eta kirol zentroak. Eskolak ere irekita daude.
Azken 24 orduetan 248 pertsona hil dira herrialdean covid-19ak jota, eta dagoeneko 75.000 dira hildakoak. Positibo berriak 15.813 izan dira. Azken zazpi egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 108,1 kasutan dago asteon (aurrekoan, 86,2an zegoen).
Txertaketa mailari dagokionez, biztanleria osoaren % 4,1ek hartu ditu txertoaren bi dosiak (3.416.612 pertsona), eta % 9,3ak, bakarra (7.698.450 pertsona).