Mundua -
ISRAEL
Juani Ruiz kooperantea aske uzteko eskatu dio Legebiltzarrak Israeli
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin eta Voxen aurkako botoarekin onartu dute atxiloketa arbitrarioaren aurkako legez besteko proposamena.
EITB MEDIA
Apirilaren 13tik Israelek kargurik gabe atxilotutako Juani Ruiz Sanchez 63 urteko kooperantea aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako legez besteko proposamena eztabaidatu du Legebiltzarrak ostegun honetako osoko bilkuran. Proposamena egin duten taldeen babesarekin, PP+Cen abstentzioarekin eta Vox legebiltzarkidearen aurkako botoarekin onartu dute testua.
Horrela, Eusko Legebiltzarrak Juana Ruiz Sanchezen eta Helth Work Committees (HWC) Palestinako osasun erakundeko Tayseer Abu Sharbak eta Saeed Abbad bere kideen atxiloketa "arbitrarioa" salatu du, Israelgo gobernuak "langile humanitario horren aurkako akusaziorik egon gabe, eskubide zibil eta politikoekiko errespeturako nazioarteko gutxieneko arauak" urratu dituela argudiatuz.
Gainera, Juana Ruiz Sanchez eta HWC 3 erakundearen aurkako operazioan atxilotutako gainerako pertsonak "berehala askatzeko" aldarrikatu du, eta erakunde eskudunei atxilotuak askatzeko "beharrezkoak diren mekanismo guztiak" martxan jartzeko eskatu die.
Eusko Legebiltzarrak "babes eta elkartasun osoa" adierazi die Juana Ruiz Sanchezi, atxilotutako gainerako pertsonei eta haien familiei, eta "Palestinako herritarren osasuna hobetzeko" egindako lana eskertu du, eta Giza Eskubideekin eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioarekin duen konpromisoa berretsi du.
Ruiz Sanchezek 62 urte ditu, Zisjordania okupatuan bizi da eta palestinar kristau batekin ezkonduta dago. Duela hamarkada batzuetatik, Osasunerako Lan Batzordeen proiektuen koordinatzaile gisa egiten du lan. Gobernuz kanpoko elkarte palestinar horrek laguntza ematen die herritarrei osasunaren eta garapenaren arloan, eta, aldi berean, haien eskubideen alde borrokatzen da.