Mundua -

ERASO MILITARRAK

Turkiako Gobernuak 1.162 pertsona "neutralizatu" ditu Sirian eta Iraken 2021ean

Gehienak Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) milizianoak izango lirateke. Gainera, 24.700 militar kargutik kendu dituzte 2016ko estatu kolpearen ikerketaren ondorioz.

Tal Abyad (Siria), Turkiako Armadak bonbardatua. Argazkia: EFE
Tal Abyad (Siria), Turkiako Armadak bonbardatua. Argazkia: EFE
Tal Abyad (Siria), Turkiako Armadak bonbardatua. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako agintariek jakinarazi dutenez, aurten "1.162 ustezko terrorista neutralizatu" dituzte herrialde mugetatik kanpo egindako operazio militarretan, Sirian eta Iraken zehazki. Turkiako Gobernuak "terrorista" hitza Estatu Islamikoko kideentzat erabiltzen du, baina, batez ere, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) milizianoentzat.

Zifra hori eskala handi eta ertainean egindako 181 operazioren emaitza da, Pinar Kara Defentsa Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez. Karak, gainera, Turkiako mugak zeharkatzen saiatzen ari ziren 62.296 pertsona atxilotu dituztela ere jakinarazi du.

Gainera, Karak publiko egin duenez, 24.700 militar kargugabetu dituzte Fetula Gulen erlijiosoaren erakundearen inguruan hasitako ikerketaren ondorioz. Ankarako Gobernuak, izan ere, 2016ko estatu kolpe saiakeraren atzean egotea leporatzen dio. Beste 2.493 militar auzipetuta daude.

Turkiako Armadak PKKren aurkako operazioak areagotu ditu, bai herrialdean, bai Irakeko iparraldean, bai Sirian ere, 2015eko uztailean Gobernuaren eta talde armatuaren arteko su-etena hautsi zenetik.

PKKren aurkako operazio militarrekin batera, herrialdeko hirugarren indar politikoa den Herrien Alderdi Demokratikoa (HDP) alderdiko kide eta jarraitzaileak atxilotu eta zigortu dituzte.

40.000tik gora pertsona hil dira, gehienak kurduak, 1984an PKKk, Turkiako Gobernuak erakunde terroristatzat jotzen duenak, gobernuko indarren aurka armak hartu zituenetik.

Alderdiko presidentea, Abdullah Öcalan, preso dago 1999tik. Biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion Turkiako Justiziak "terrorismo eta separatismo" delituak egotzita. Kurdistango independentziaren alde borrokatzen du PPKk. Irak, Siria, Iran eta Turkia artean banatuta dago Kurdistan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Turkia Asia Irak Zer ari da gertatzen Sirian? Ekialde Hurbila gaur