Itxi

2021/11/11

21:28

Mundua

Glasgow (Eskozia)

Egun baten faltan isuri eta finantziazio helburuak hobetzeko saiakera, COP26 goi-bileran

Agentziak | EiTB Media

Finantziazioa areagotzeko eskatu die goi-bilerako presidenteak herrialde aberatsei; izan ere, diru nahikorik gabe, estatu pobreek ezingo dutelako klima aldaketaren eragina arindu, egokitu edo biziraun.

  • Extinction Rebellion taldeko kideen protesta Glasgown (Eskozia). Argazkia: EFE

    Extinction Rebellion taldeko kideen protesta Glasgown (Eskozia). Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ia 200 estatuek negoziazioak areagotu dituzte ostegun honetan, klima aldaketaren aurkako borrokan akordio bat ixteko saiakeran. Epe laburrera isuriak murrizteko eta garapen bidean dauden herrialdeen finantziazioa areagotzeko erronka dute; izan ere, berotzearen ondorioak pairatzen dituzte hura eragin gabe.

Alok Sharma NBEko klima goi-bileraren presidenteak gaur onartu duenez, urriaren 31tik "aurrerapausoak" eman dira, baina adostasun batera heldu ahal izateko "asko dago egiteko" oraindik. Ustez ostirala da epemuga, mende honetan tenperatura gorakada 1,5 gradura mugatzeko bide-orria ixteko.

Prentsaurrekoan, finantziazioa areagotzea eskatu die Sharmak herrialde aberatsei; izan ere, diru nahikorik gabe, estatu pobreek ezingo dutelako klima aldaketaren eragina arindu, egokitu edo biziraun.

Laurence Tubiana diplomazialari frantziarrak, 2015eko Parisko Akordio historikoaren "arkitektoak", gaur deitoratu du Europar Batasunak (EB) "oihartzun handiagoa ez izatea" negoziazioetan, nahiz eta "agenda berde on bat" izan.

"Desengainua hartu dut lidertza falta ulergaitza ikusita", adierazi du Tubianak. 2021 eta 2025 artean baliabide gutxien dituzten herrialdeen finantziazioak "hitzemandako 100.000 milioi dolarrak gainditzeko" presioa egitea eskatu dio Europako blokeari.

Bestalde, Costa Rica buru duen 11 estatuko aliantza batek petrolio eta gas ekoizpena gelditzeko konpromisoa hartu du.

Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak asteazkenean egindako adierazpen bateratuari dagokionez, Manuel Pulgar Vidal WWF erakundeko Energia eta Klima bozeramaileak "garrantzia politikoa" eman dio, Lurreko bi herrialde kutsatzaileenak alde berdinean kokatu direlako, baina ekintzetan gauzatu behar dela gaineratu du.

Munduko herrialde txiro askotan, uharteetan bereziki, klima aldaketak duen kostuari erantzuteko gainditu gabeko irakasgaia du COP26k.

Diego Pacheco Boliviako negoziatzaile eta LMDC garapen bidean dauden herrialdeen taldeko ordezkariak nabarmendu duenez, Estatu garatuek iraganeko isuriengatik "erantzukizuna dute", haien bidez aberastu zirelako.

"Karbono aurrekontuaren % 60 herrialde garatuen erantzukizuna da, baina biztanleriaren % 16 soilik dute", esan du Pachecok.

COP26 goi-bilera amaitzeko bezperan, Txinak ez du ikatzari amaiera emateko datarik finkatu nahi. Era berean, India CO2 isurien hirugarren arduraduna da mundu mailan, eta akordio zirriborroko proposamenaren aurka agertu da, "ikatzarekin bukatzeko eta erregai fosilak diruz laguntzeari uzteko epeak laburtu" nahi dituelako. Are gehiago, konpromiso klimatiko sendoago bat hartu baino lehen, finantziazio handiagoa eskatu die Indiak estatu aberatsei.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;