Mundua -
KORONABIRUSA
Frantziako Hezkuntza ministroak ez du atzera egingo eta ikasleen autoprobei eutsiko die
Orain, ikasle batek positibo ematen badu, haren ikaskideek astean hiru test egin eta hirutan negatibo eman beharko dute eskolara joan ahal izateko.
EFE | EITB Media
Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak gaur ziurtatu duenez, ikasleek autoprobak egiten jarraitu beharko dute nahiz eta irakasleak eta gurasoak aurka agertu. Omikron aldaera tarteko ikastetxeak ez ixteko neurria dela argudiatu du.
Gaur-gaurkoz, ikasle batek positibo ematen badu, haren ikaskideek astean hiru test egin beharko dituzte, lau egunetan, eskolara joan ahal izateko. Hiruretan negatibo emanez gero, ikasleak gelara itzuli ahalko dira.
EFE albiste agentziari eskaini dion elkarrizketan azpimarratu du hezkuntza protokoloari eutsi dio eta ez duela atzera egingo: "Horrekin jarraituko dugu omikron aldaera egon bitartean eta espero dut datozen asteetan protokoloa arindu ahal izatea".
Hezkuntzako protokoloan izandako etengabeko aldaketek (hiru astebetean) egonezina eta haserrea eragin dute guraso eta irakasleen artean. Hori dela eta, dagoeneko bi greba egun egin dituzte. Lehenengoa pasa den ostegunean izan zen eta mobilizazioen ondotik Frantziako Gobernuak eta sindikatuek akordioa lortu zuten. Hala ere, baxoaren probak atzeratzea akordiotik kanpo geratu zen, eta hori galdegiteko egin dute gaurko lanuztea.
Blanquer ministroa ezbaian dago azken asteetan, hezkuntza protokoloa tarteko. Haurrak eskolara itzuli bezperan iragarri zituen aldaketak, interneten argitaratutako elkarrizketa batean eta geroago jakin da Ibizan oporretan zegoela egin zuela.