Mundua -
Errusia-Ukraina gatazka
Bidenek ziurtatu du AEBk eta NATOk ez dutela troparik bidaliko Ukrainara
Errusiak 100.000 soldadu inguru eraman ditu Ukrainako mugara, eta, ondorioz, tentsioak gora egin du Europa ekialdean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joe Bidenek astearte honetan ziurtatu du Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk ez dutela asmorik Ukrainara tropak bidaltzeko. Alabaina, ohartarazi du Errusiaren kontrako neurri ekonomikoak hartuko dituztela, Ukraina inbaditzen badute.
"Ez dugu asmorik AEBko edo NATOko indarrak Ukrainan zabaltzeko", adierazi du presidente estatubatuarrak kazetarien galderei erantzunez.
Hala ere, berretsi egin du Washington eta bere aliatuak Errusiari zigor ekonomikoak ezartzeko prest daudela, eta erantsi du Vladimir Putini berari ere isunak jartzeko prest egon litzatekeela.
Gauzak horrela, astelehenean AEBko Defentsa Ministerioak egindako iragarpena zuzendu du Bidenek; izan ere, Pentagonoak esan zuen Europa ekialdera edozein unetan 8.500 soldadu bidaltzeko moduan daudela, NATOk haien beharrizana izanez gero.
Astebetean gora egin du tentsioak Europa ekialdean. Errusiak 100.000 soldadu inguru eraman ditu Ukrainako mugara, eta balizko inbasio batek eragin dezakeen gerrak beldurra eragin du.
Testuinguru honetan, Ukrainako Parlamentuak adierazpen instituzionala onartu du, Nazio Batuei eta Europar Batasunari Errusiaren balizko inbasioa gelditzeko eta "xantaiak eta mehatxuak" amaitzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela eskatuz.
Horrez gain, egoera baretzeko eta tropa errusiarrak Ukrainako mugatik aldentzeko "bide diplomatiko guztiak erabiltzeko" deia egin dute.
Bestalde, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako goi-ordezkariak esan du Gerra Hotza amaitu zenetik "garairik arriskutsuena" bizitzen ari dela Europa.
"Azken bi urteetan segurtasunak nabarmen egin du okerrera, eta konbentzituta nago Gerra Hotza amaitu zenetik garairik arriskutsuena bizitzen ari garela. Gatazka militar handi bat sortzeko arriskua dugu aurrean", ohartarazi du.
Espainiak elkarrizketaren alde egin du, baina marra gorriak jarrita
Bestalde, Jose Manuel Albares Espainiako Kanpo Gaietarako ministroak azpimarratu du Espainiako Gobernuak Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko hautua egin duela, baina "marra gorri" batzuk daudela eta "mehatxupean" negoziatzea onartezina dela zehaztu du.
Albaresek agerraldia egin du Kongresuan, Espainiako Gobernuaren jarrera azaltzeko, eta talde parlamentarioei batasuna eskatu die. "Diplomazia, tentsioa baretzea eta disuasioa dira gure helburuak", erantsi du.
Ministroak adierazi du Errusiak 100.000 soldadu mugara eraman izanak ez duela justifikaziorik, eta salatu du Ukraina NATOn ez sartzea eta Europar Batasunetik urruntzea nahi duela.