Mundua -
Ukrainako gerra
Mariupoletik Zaporizhiara giza korridorea zabaldu du Errusiak
Azken orduetan, 1.400 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte hego-ekialdeko hirietatik.
Agentziak | EITB MEDIA
Frantziako eta Alemaniako gobernuen eskariz, Errusiako agintariek baieztatu dutenez, ostiral honetan giza korridorea zabaldu dute Mariupol hiritik Zaporizhiara, zibilak atera daitezen.
"Frantziako presidenteak (Emmanuel Macron) eta Alemaniako kantzillerrak (Olaf Scholz) Vladimir Putin presidente errusiarrari propio eskatuta, apirilaren 1eko 10:00etatik aurrera (09:00ak Euskal Herrian), Errusiako indar armatuek Mariupoletik Zaporizhiara doan giza korridorea irekiko dute berriro", azaldu du Mijail Mizintsev Errusiako Nazio Defentsarako Kontrol Zentroko buruak.
Mizintseven esanetan, bide horretan erdibideko puntu bat ezarriko dute Berdiansk hirian, Mariupoletik 70 kilometrora eta Zaporizhiatik 170 kilometrora.
Koronelak ebakuazioan parte hartzeko dei egin die Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeari eta Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioari, operazio humanitarioa "arrakastatsua" izan dadin.
Azken orduetan, gutxienez 1.458 pertsona atera dituzte Mariupoletik eta Zaporizhiako eskualdeko hainbat hiritatik, hiru giza korridoreren bitartez, Irina Vereschuk Ukrainako lehen ministroordeak jakinarazi duenez.
"Martxoaren 31n, 1.458 pertsona heldu dira Zaporizhiara adostutako hiru giza korridoreen bitartez. Horietatik, 631 Mariupoleko biztanleak eta 827, beste hiri batzuetakoak", zehaztu du Facebook sare sozialean.
Vereschuken arabera, "Energodar hiritik 50 auto eta umeak zeramatzan autobus bat atera dira. Errepideko kontrol guztiak igaro dituzte eta Zaporizhiara heldu dira".
Halaber, iragarri du beste 30 autobus Berdiansk eta Mariupol hirien sarreran daudela zain, goizean zehar herritarrak bertatik atera eta Zaporizhiara eramateko.
Azkenik, salatu du Errusiako tropek ez dietela pasatzen utzi laguntza humanitarioa zeramatzaten eta zibilak ateratzeko asmotan ziren 12 autobusi. Zeramatzaten 14 tona elikagai eta botikak konfiskatu dituzte errusiarrek, horren hitzetan.