Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Donbass eskualdearen kontrol osoa lortzeko ofentsiba prestatzen jarraitzen du Errusiak, Ukrainaren arabera
1.500 zibil ukrainar baino gehiago hil eta 2.200dik gora zauritu dira Errusiak otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak zabaldutako azken balantzearen arabera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 43 egun betetzen diren honetan, Donbass eskualdea osorik menderatzeko ofentsiba prestatzen jarraitzen du Errusiako Armadak, Ukrainak bat zabaldutako azken gerra partearen arabera.
Okupatzaileak buru-belarri Ukraina ekialdeko erasoa prestatzen ari direla adierazi du Ukrainako Armadak, "Donetsk eta Luhansk eskualdeen erabateko kontrola ezartzea helburu duena". Iturri horren arabera, soldadu errusiarrek Slobozhansky (Zaporizhia hegoaldean), Donetsk eta Tavriya (Zaporizhian) norabidean jarraitzen dute.
Ameriketako Estatu Batuek zabaldutako azken informazioaren arabera, Errusiak soldaduak Ukraina ekialdera Sloviansk aldera bidaltzen jarraitzen du, baina azken 24 orduetan ez omen dute aurrerapauso nabarmenik eman. Hiri hori giltzarri jotzen dute Errusiak Ukraina ekialdeko eskualdeen aurka egin dezakeen erasoaldian.
Halaber, estatubatuarren esanetan, azken 24 orduetan Errusiako indarrak Sumy eskualdetik erretiratu dira eta Errusiako Belgorado hirira mugitu dira, handik gero Donbassera joateko.
Setio egoeran jarraitzen duen Mariupol hiriari dagokionez, estatubatuarren arabera ezin da baieztatu azken 24 orduetan aldaketa nabarmenik izan den ala ez.
1.500 zibil ukrainar baino gehiago hil dira gerra hasi zenetik
1.563 zibil ukrainar hil eta 2.213 zauritu dira Errusiak otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak zabaldutako azken balantzearen arabera.
Identifikatu dituzten hildako horietatik 379 gizonak ziren, 237 emakumeak eta 67 haurrak. 63 haur eta 817 heldu ezin izan dituzte identifikatu.