Mundua -

Ukrainako gerra

Putinek Guterresi: "Mariupolen egoera zaila da eta, baliteke, tragikoa izatea"

Putinek azpimarratu duenez, Azovstal altzairutegia, erresistentziaren azken gotorlekua, "guztiz isolaturik" dago. "Erasorik ez egiteko agindua eman dut", nabarmendu du.

Antonio Guterres eta Vladimir Putin Kremlinean. Argazkia: EFE
Antonio Guterres eta Vladimir Putin Kremlinean. Argazkia: EFE
Antonio Guterres eta Vladimir Putin Kremlinean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariupolen (Ukraina) egoera "tragikoa" dela onartu du gaur Vladimir Putin Errusiako presidenteak Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren aurrean. Errusiako Armadak hiria setiatu du asteetan zehar.

"Han egoera zaila da eta, baliteke, tragikoa izatea", esan du Putinek Kremlinen egindako bileran.

Mariupolen "ekintza militarrak aurrera eramaten" ari direla esan dio Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Putini elkarrizketa telefoniko batean.

"Han ez dago ekintza militarrik. Amaitu dira", errepikatu du Errusiako agintariak. Mariupolen Ukrainako ia 1.300 soldaduk armak laga eta amore eman dutela gogorarazi du.

Azpimarratu duenez, Azovstal altzairutegia, erresistentziaren azken gotorlekua, "guztiz isolaturik" dago. "Erasorik ez egiteko agindua eman dut", nabarmendu du.

Errusiako Armadak Azovstaleko gudariei entregatzeko eskatu diela azpimarratu du Putinek. Zentzu horretan, garaituak izan diren Mariupoleko soldaduekin "ezer gertatu ez" dela gogorarazi du buruzagiak.

"Ezkutu bezala erabiltzeko zibilak atxikitzea krimena da, egotekotan", adierazi du.

Errusiak zabaldutako korridore humanitarioak funtzionatzen ez dutela esan zuen Guterresek. "Gaizki informatu dizute. Funtzionatzen dute. Gure laguntzarekin 100.000 baino gehiago atera dira Mariupoletik. 130.000 edo 140.000 inguru irten dira. Eta nahi duten tokira joan daitezke", esan du Putinek.

Moskutik Kievera joango da bihar Guterres, Zelenskirekin biltzera.

Lavrov-ekin bildu da dagoeneko

Putinekin bildu aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin izan da NBEko buruzagia.

Lavrovek bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Errusia prest dago NBErekin eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin (GGNB) lankidetzan aritzeko, Ukrainako biztanleria zibila babesteko.

"Gure lehentasunik handiena biztanleria zibila babestea da, eta, horretarako, NBEko lankideekin eta GGNBearekin elkarlanean aritzeko interesa dugu", adierazi du diplomazia errusiarreko buruak.

Lavroven arabera, NBEko arduradunak badu "Putin presidenteak Donetsk eta Luhanskeko miliziekin batera Ukrainako lurraldean egiten ari diren operazioaren arrazoiei eta helburuei buruz publiko egindako erabakien gaineko informazioa".

Era berean, ukatu egin du Ukrainan bitartekariak behar direnik: "gauden fasean egonda, goizegi da bitartekariei buruz hitz egiteko", adierazi du.

Ukrainako ordezkaritzak negoziazioetan izandako jarrera kritikatu du Lavrovek, eta Mosku "duela 10-12 egun Kievi egin zion proposamenaren erantzunaren zain" dagoela gogorarazi du.

Mendebaldeari leporatu dio Ukraina "armamentu kopuru handiekin" hornitzen jarraitzea. "Horrek horrela jarraitzen badu, noski, nekez lortuko da emaitzik negoziazioetan", ohartarazi du.

Guterresek hitza hartu duenean, Errusiako Armadak Ukrainaren gainean egindako "inbasioa" eta "lurralde osotasuna urratu izana" salatu ditu, eta "balizko gerra krimenen" inguruko ikerketa independentea eskatu du.

Nazio Batuen Erakundeko titularrak azpimarratu du bere erakundeko Idazkaritzak ez duela Ukrainako nazioarteko zuzenbidearen urraketen akusazioak ikertzeko autoritaterik, baina badaudela horretarako erakunde egokiak, hala nola Nazioarteko Zigor Gortea eta giza eskubideen sistemako hainbat mekanismo.

Guterres eta Lavrov, gaur, Moskun. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin NBE Eguneko albisteak Albisteak Turkia Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski