Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiak baliabideak handitu ditu Izium inguruan, Donbassen erasoak areagotzeko asmoz

Gainera, Errusiako Armadak 50 aire eraso baino gehiago egin ditu bart Mariupolen, Errusiako erasoen ondorioz ia erabat suntsituta geratu den hirian. Nazio Batuen Erakundeak ziurtatu du Mariupolen ebakuazio-saiakera bat prestatzen ari direla.

Bonbardaketek suntsitutako eraikin eta kaleetan kalteak, Borodiankan. Argazkia: EFE
Bonbardaketek suntsitutako eraikin eta kaleetan kalteak, Borodiankan.
Bonbardaketek suntsitutako eraikin eta kaleetan kalteak, Borodiankan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

64. eguna du Ukrainako gerrak, eta ez dago inolako zantzurik Errusiak erasoaldia eteteko asmorik duela esateko. Azken orduetan, Errusiako Armadak tropak eta armak bildu ditu Izium inguruan, Donbass eskualdetik gertu, Errusiarekin mugan.

Errusiako Indar Armatuen Estatu Nagusiko buruak sare sozialetan argitaratu duenez, "etsaiak erasoak egiten jarraitzen du lurraldearen ekialdean, Donetsk eta Luhansk eskualdeen gaineko kontrol osoa ezartzeko eta Krimearekin (hegoaldean) lurreko korridore bat mantentzeko".

Era berean, adierazi du Errusiako tropak euren gerra jarduera areagotzen ari direla ia norabide guztietan. Eraso gehien Slobozhansky aldean  (Zaporizhia hegoaldean) ari dira egiten, Kharkivetik gertu, baita Donetsken ere. Azken hori, Luhanskekin batera, errepublika independente aldarrikatu zuten, eta Moskuk biak onartu zituen.

Mariupolen bonbardaketek ez dute etenik

Bien bitartean, Errusiako Armadak 50 aire eraso baino gehiago egin ditu bart Mariupolen, Ukraina hegoaldean, eta lehergailuen artean "fosforo bonba ugari" zeudela jakinarazi du Azoveko talde armatuak.

Talde militar horretako 500 kide inguru, mila zibil ingururekin batera, Azovstal instalazio siderurgikoetan daude, hau da, errusiarrek Mariupolen oraindik mendean hartu ez duten eremu bakarrean.

Hasieran ia milioi erdi biztanle zituen Mariupolek, eta errusiarren erasoek ia erabat suntsitu dute; Errusiako Armadaren arabera, hiri osoaren kontrola lortu dute, Azovstaleko siderurgia-lantegia izan ezik.

Testuinguru horretan, NBEk ziurtatu du Mariupolen ebakuazio-saiakera bat prestatzen ari dela. Une honetan 100.000 pertsonatik gora egon litezke errusiarren setioak harrapatuta. "NBE erabat mobilizatuta dago bizitzak salbatzeko eta behar dutenei laguntzeko", esan du Osnat Lubrani NBEren Ukrainarako koordinatzaileak Twitterren.

Odesak tropak bidali ditu Transnistriako mugara

Ukraina hegoaldean eta Itsaso Beltzaren ertzean dagoen Odesa eskualdeko defentsa-indarrek, berriz, Moldaviako mugaren babesa indartu dute, azken egunotan Transnistria Moldaviako errepublika separatistan istiluak izan ondoren.

Serhii Bratchuk Odesa eskualdeko administrazio militarreko bozeramaileak Telegramen esan duenez, neurri hori "Errusiaren probokazioaren aurrean hartu da".

Gerra krimenak ikertzen laguntzeko eskatu dio Guterresek Errusiari

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Ukrainan dago egunotan. Hitzaldi batean Butxa udalerrian egindako gerra-krimenak ikertzen laguntzeko deia egin dio Moskuri.

"Errusiako Federazioari nazioarteko gorte kriminala onartzeko eta hari laguntzeko eskatzen diot", esan du Guterresek Butxako hobi komunera egindako bisitan, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ikerketari "erabateko babesa" eman dio.

Antonio Guterresek gerra-krimenak ikertzen laguntzeko eskatu dio Errusiari
Antonio Guterresek gerra-krimenak ikertzen laguntzeko eskatu dio Errusiari
Antonio Guterresek gerra-krimenak ikertzen laguntzeko eskatu dio Errusiari

0:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia NBE argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur Errusia-Ukraina gerra