Mundua -

Ukrainako gerra

Hitlerrek "odol judua zuela" esan eta nazioartean hautsak harrotu ditu Lavrovek

Horrela, Israelgo Gobernuak Errusiako enbaxadorea deitu du protesta egiteko. Alemaniaren hitzetan, esaldia "Errusiaren propaganda" da. Kievek adierazpen "gorrotagarriak" direla uste du.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak igandean esan zuenez, Adolf Hitlerrek "odol judua zuen". Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin paralelismoa egin nahi izan zuen Moskuko ordezkariak. Israeleko Gobernuak Errusiako enbaxadorea deitu du adierazpenengatik protesta egiteko.

Konkretuki, Lavrovek azaldu zuenez, "Adolf Hitlerrek ere odol judua zuen", eta "horrek ez du ezer esan nahi". "Judu-herri jakintsuak antisemita handienak juduak izan ohi direla dio", gaineratu zuen Rete4 Italiako telebistan egindako elkarrizketan.

Berlusconi familiaren telebistan egindako elkarrizketak hautsak harrotu ditu. Errusiako diplomaziaren buruak Ukraina inbaditzeko justifikazioak etenik gabe errepikatu zituen 50 minutuko solasaldian.

Israelgo Atzerri Ministerioak ohar batean azpimarratu duenez, Errusiako enbaxadorea deitu dute "azalpenak" eskatzeko. Yair Lapid ministroak Errusiako homologoaren adierazpenak gogor kritikatu ditu.

"Lavroven hitzak barkaezinak eta amorragarriak dira, baita hanka-sartze historiko izugarri bat ere. Juduek ez zuten elkar hil Holokaustoan zehar. Juduen aurkako arrazakeria mailarik baxuena juduei antisemitismoa leporatzea da", nabarmendu du Twitter sare sozialean.

"Hitler judua zela esatea juduek elkar hil zutela adieraztea bezalakoa da. Naziek juduak jazarri zituzten. Bakarrik naziak nazi izan ziren, eta soilik naziek judu-herria sistematikoki garbitzeko politika bat aplikatu zuten", gogorarazi du.

Naftali Bennet Israelgo lehen ministroaren ahotan, "gezur horien helburua juduei historiako krimenik ankerrenak leporatzea da, euren aurka egindakoa, alegia; Israelgo zapaltzaileei erantzukizuna kenduz".

"Aldez aurretik esan dudan bezala, egungo gerrarik ez du Holokaustoaren antzik", gaineratu du; izan ere, bere garaian Zelenskik Ukrainako gatazka eta Holokaustoa alderatu zituen. "Juduen Holokaustoa tresna politiko gisa erabiltzeari utzi behar diote", erantsi du.

Atzerri ministroaren esaldia "Errusiaren propaganda" dela uste du Alemaniako Gobernuak. Steffen Hebestreit Exekutiboko bozeramailearen ahotan, Lavroven adierazpenak "zentzugabeak" dira.

"Errusiaren propaganda ekintza bat dela uste dut, kasu honetan Lavrov Atzerri ministroaren bidez, ez du azalpen gehiago merezi", esan du Gobernuko iturri batek.

Dimitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak "gorrotagarritzat" jo ditu adierazpenak. "Lavrovek ezin izan zuen Errusiako eliteen antisemitismo sakona ezkutatzen jarraitu. Bere adierazpen higuingarriak Zelenski, Ukraina, Israel eta herri-juduaren aurkako eraso bat dira", salatu du Twitter sare sozialean.

Erromako komunitate juduak hitz antisemitak direla uste du. Ruth Dureghello presidenteak ziurtatu duenez, "adierazpen arriskutsuak" dira.

"Muga non dagoen galdetzen diogu gure buruari, oraindik badago mugarik, eta nora goaz. Historia erabat desitxuratzeko beta baldin badago, emaitza babesteko antigorputzik ez duen demokrazia ahul bat izango da", ohartarazi du Dureghellok.

Azkenik, Laura Garavini Atzerri Batzordeko presidenteorde eta Italia Vivako senatariak esan duenez, Berlusconiren telebista "Errusiako propagandaren erresonantzia-kaxa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Alemania Eguneko albisteak Albisteak Israel Italia Errusia-Ukraina gerra