Itxi

Mundua

PALESTINA

Palestinak nazioarteko ikerketa independentea eskatu du Shireen Abu Akleh kazetariaren hilketa argitzeko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Israelgo Armadak tiroz hil du Jeninen (Zisjordania), baina ukatu egin du bere ardura. Palestinan, ostera, Al Jazeerako kazetariaren hilketa salatzeko protestak egin dituzte.

0:40
Shireen Abu Aklehen agurra. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

Shireen Abu Akleh Al Jazeerako kazetariaren hilketari buruzko "nazioarteko ikerketa independentea" eskatu du Palestinak Nazio Batuen Erakundearen aurrean (NBE).

Israelgo segurtasun indarrek hil dute, tiroz, Jeninen (Zisjordania), Armadaren operazio baten berri ematen ari zela. Ali Samudi kazetariak (kidearen ondoan zegoen tirokatu zutenean) Israelgo tropak egin ditu gertatutakoaren erantzule, eta miliziano palestinarrekin borroka armaturik ez zegoen gune batean tirokatu dutela adierazi du. Ali Samudi bera ere zauritu dute.

Riyad Mansur Palestinak NBEn duen enbaxadoreak esan du NBEko Segurtasun Kontseiluak "aho batez" hitz egitea espero duela. Dagoeneko, hainbat herrialdek gaitzetsi egin dute gertaturikoa, baita Israelen aliatu nagusienetakoa den AEB ere.

Mansurren esanetan, "Israelgo agintari okupatzaileek" hil dute kazetaria. Gainera, iragarri duenez, agintari palestinarrek ez dute Israelek iragarritako ikerketan parte hartuko, ezta "potentzia okupatzaileak" bakarrik egindako ikerketa bat onartuko ere. "Kriminalek ezin dute beren burua ikertu", azpimarratu du.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, Israel salatu gabe eta hilketaren erantzukizuna inori egotzi gabe, gertaeren inguruko "ikerketa gardena" egiteko eskatu die horretarako eskuduntza duten agintariei. Hala ere, Guterresek ez du NBEren ekintza zehatzik iragarri.

Samina, dolua eta amorrua nagusi Palestinan

Palestinako banderez inguratuta eta justizia eskakizunen artean, Shireen Abu Akleh kazetariaren gorpua bizkarrean eraman dute bart Ramallah hiriko kaleetan zehar egin den erromesaldi jendetsu batean.

Gorpua anbulantzian iritsi zen bertara, eta jendetza bildu zen harrera egiteko. Egurrezko ohatila baten gainean atera zuten gorpua anbulantziatik, Palestinako bandera batekin bilduta eta loreak gainean zituela. Bizkar gainean hartu, eta hiriko kaleetan barrena eraman zuten, jendearen negar eta txalo artean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena