Mundua -

Erresuma Batua

Nazioarteak doluminak helarazi ditu Elizabeth II.aren heriotzaren aurrean eta haren garrantzia azpimarratu du

Munduko txoko guztietatik heldu dira dolumin mezuak. Askok eta askok XX. mendeko pertsonaia nagusienetariko baten aro historikoa goraipatu dute.

Bandera britainiarra, masta erdian, Erresuma Batuak Madrilen duen enbaxadan. Argazkia: EFE
Bandera britainiarra, masta erdian, Erresuma Batuak Madrilen duen enbaxadan.
Munduko agintarien erreakzioa Elizabeth II.aren heriotzari

01:19

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizabeth II.a Ingalaterrako erreginaren heriotza jakinarazi eta berehala, erreskadan etorri dira nazioarteko buruzagien dolumin mezuak. 

Atsekabea adierazten lehena, nola bestela, Liz Truss lehen ministro britainiar berria izan da. Elizabeth II.ak "zerbitzuan emandako bizitza luzea" goraipatu du buruzagi kontserbadoreak, eta horrek Erresuma Batuan ez ezik, "mundu guztian" ere eragindako laudorioak nabarmendu ditu. "Elizabeth II.a erreginak behar genituen egonkortasun eta sendotasuna eman dizkigu", azpimarratu du. 

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren ustez, Elizabeth II.aren heriotza "une ikaragarri tristea da Erresuma Batuarentzat, Commonwealtharentzat eta munduarentzat". "Bere bizitza aparteko dedikazio eta zerbitzuzkoa izan zen. Eskoziako herritarren izenean, nire doluminak erregeari eta errege familiari", idatzi du Sturgeonek Twitterren.

Michael D. Higgins Irlandako Errepublikako presidenteak esan du "pertsonalki oso triste" dagoela heriotzarekin, eta Elizabeth II.a "Irlandaren laguna" zela nabarmendu du. Bestalde, Michelle O'Neill Sin Feinen buruak ere "pertsonalki" eskertu dizkio Elizabeth II.ari Ipar Irlandan "bakea eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegin irmoak eta egindako ekarpena". 

Europar Batasuneko (EB) buruzagiek ere doluminak helarazi dizkiote Erresuma Batuari. Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak azpimarratu duenez, Elizabeth II.ak "mundu modernoaren balio iraunkorren garrantzia erakutsi zigun beti, eta gutxik eman zioten hark bezala forma munduko historiari". 

Joe Biden AEBko presidenteak atsekabea agertu du eta Elizabeth II.ak "aro bat markatu" zuela, adierazi du, Washingtonen eta Londresen arteko harremana indartuz. "Duintasun eta irmotasun paregabeko estatu emakumea izan zen Elizabeth II.a, eta Erresuma Batuaren eta AEBren aliantzaren habeak sendotu zituen. Berak lagundu zuen gure harremana berezia izaten", aldarrikatu du.

Elizabeth II.aren "jakituria, errukia eta abegikortasuna" nabarmendu ditu Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak (Commonwealtheko kidea). Trudeauren ustez, Ingalaterrako erreginaren zerbitzua "Kanadako historiaren zati garrantzitsu bat" izango da beti. "Munduko nire pertsona maitatuenetako bat zen, faltan izango dugu", aitortu du. 

Australiako eta Zeelanda Berriko gobernuek ere atsekabea adierazi dute heriotzagatik. Anthony Albanese Australiako lehen ministroak azaldu duenez, "aldaketa biziko" mundu batean, Elizabeth II.a "konstante arraro eta lasaigarri" bat izan da zazpi hamarkadaz. "Aro bat amaitu da, isabeldar garaiaren bigarren zatiaren amaiera", azpimarratu du. 

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aburuz, Ingalaterrako erreginak "nazio britaniarraren batasun eta jarraikortasuna haragitu zuen 70 urtez". "Frantziaren lagun gisa gogoratuko dut, bihotz oneko erreginak aztarna iraunkorra utzi du bere herrialdean eta mende oso batean", idatzi du Macronek Twitterren duen kontuan. 

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak doluminak helarazi dizkie Erresuma Batuko errege familiari eta britainiarrei. "Nire doluminak errege familia guztiari, Erresuma Batuko Gobernuari, herritarrei eta Commonwealthari. Mundu mailako garrantzi handiko pertsonaia bat, historia britainiar eta europarraren lekuko eta egilea", bota du Twitterren. Felipe VI.ak ere atsekabea agertu, eta Elizabeth II.a "garai guztietako erregin onenetakoa" izan dela adierazi du. 

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak ere Elizabeth II.aren papera goraipatu du Bigarren Mundu Gerraren ostean alemaniarren eta britainiarren arteko berradiskidetze prozesuan, eta erregina "milaka pertsonen inspirazio iturri" izan dela erantsi, baita Alemanian ere. "Faltan izango dugu, baita bere umore ona ere", idatzi du Twitterren duen kontuan. 

Vladimir Putin Errusiako presidenteak doluminak helarazi dizkio Erresuma Batuari, eta nazioartean erakutsitako "autoritatea" azpimarratu du Charles III.ari zuzendutako ohar batean. 

Hego Amerikatik ere heldu dira dolumin mezuak. Argentinak, Falkland uharteak tarteko Erresuma Batuarekin gerra izan zuenak 1982an, mezu laburra helarazi du: "Argentinako Gobernua herri eta gobernu britainiarren ondoan dago Elizabeth II.a estatuburuaren heriotzaren aurrean". Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu. Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak eta Nicolas Maduro Venezuelakoak ere atsekabea agertu dute Twitterren. Guillermo Lasso Ekuadorko buruzagiak Elizabeth II.aren "bizitza luze eta dedikazioa" goraipatu ditu; "historia egin du", erantsi du. 

Azkenik, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak bere atsekabea agertu du: "Bere gizalege, duintasun eta dedikazioagatik, mundu zabalean miretsia izan da Elizabeth II.a".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eskozia Ameriketako Estatu Batuak Errusia Erresuma Batua Espainia Alemania Frantzia NBE Eguneko albisteak Albisteak Brasil Argentina Irlanda Elisabet II.a erregina Ingalaterra Australia Kanada Charles III.ari buruzko azken berriak