Mundua -

Gerra Ukrainan

Errusiar indarren erasoek 17 zibilen heriotza eragin dute azken orduetan, Ukrainak salatu duenez

Donetsk eskualdean, 11 lagun hil dira, eta Zaporizhian, Mikolaiven eta Kharkiven beste sei herritar hil dira. Iranek egindako droneak baliatuz eraso diote Kiev hiriburuari, eta Zelenskik Europari eskatu dio auzitegi berezia sortzea Errusiaren gerra krimenak epaitzeko.

Hilerri bat, Jarkoven; bertan, borrokatzen jarraitzen dute. Argazkia: EFE.
Hilerri bat, Jarkoven; bertan, borrokatzen jarraitzen dute.
17 lagun hil dira Ukrainak azken 24 ordutan izan diren 40 erasotan

1:36

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako agintariek ostegunean salatu dutenez, gutxienez 17 zibil hil dira azken egunean herrialdeko zenbait puntutan indar errusiarrek egindako hainbat erasoren ondorioz; hain zuzen ere, 11 lagun hil dira Donetsk eskualdean, eta Zaporizhian, Mikolaiven eta Kharkiven beste sei herritar hil dira. Bitartean, Iranek egindako droneak baliatuz, Kiev hiriburuari eraso diote, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Europari eskatu dio auzitegi berezia sortzea, Errusiaren gerra krimenak epaitzeko.

Testuinguru horretan, Kirilo Timoshenko ukrainar Presidentetzako bozeramaileak Telegramen zehaztu duenez, 11 pertsona hil dira Donetsk eskualdean, alegia, Ukrainaren eta Errusiaren arteko borroka gune nagusietako batean, eta beste 13 zauritu dira. Zaporizhian, aldiz, 2 lagun hil eta 10 baino gehiago zauritu dira.

Kiev hiriburuan eta haren kanpoaldean, Iranek egindako droneak baliatu dituzte erasoak egiteko, tokiko agintariek jakitera eman duenez. Aurreko hiru gauetan ere egin dutenez, aire erasoen aurkako alarmak aktibatu dituzte. Oraingoz, ez dute zehaztu biktimarik izan den, edo kalte materialak nolakoak izan diren.

Erasoak kamikaze izeneko droneak erabiliz gauzatu dituzte. Iranek egindakoak dira, eta azken asteotan gero eta gehiago baliatu izan dituzte errusiar tropek.

Horrez gain, Mikolaiv eskualdean 2 lagun hil eta 6 zauritu dira; Kharkiven, beste 2 herritar hil dira, pertsonen kontrako mina batzuek eztanda eginda eta beste 4, zauritu.

Errusiak egindako gerra krimenak epaitzeko auzitegi berezia

Bitartean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europako Kontseiluari eskatu dio kontinentea buru izateko ekimen jakin batean; alegia, Errusiak egindako gerra krimenak epaitzeko auzitegi berezia sortzearen ekimenean.

"Europak zeregin historikoa izango luke, auzitegi berezia sortuko balu", adierazi du Zelenskik, Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrean, bideokonferentziaz. Organo horren egoitza Estrasburgon dago, Frantzian.

Iragan irailean, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak (erakunde horrek martxoan Errusia baztertu zuen, Ukrainako inbasioagatik), auzitegi horren alde egin zuen, eraso horren egileen erantzukizunak epaitu eta horien gainean ebazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Ukraina Errusia bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur Zelenski gaur