Mundua -
EKIALDE HURBILA
Israelgo Armadak Gaza eta Libano bonbardatu ditu aurrez bertatik jaurtitako koheteei erantzunez
Libanoko Gobernuak NBEn kexa bat aurkeztuko du Israelek herrialdean egindako aire erasoaren aurka. Indarkeria areagotu egin da Israelen eta Palestinan azken egunotan, Israelgo indar armatuek Al Aqsa meskita birritan indarrez hustu eta Gazatik eta Libano hegoaldetik Israelera koheteak jaurti ostean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo Armadak Gazan eta Libanon bonbardaketak egin ditu goizaldean, atzo Gazako Zerrendatik eta Libano hegoaldetik jaurtitako koheteen erantzun gisa. Ordu gutxira, Libanoko Gobernuak iragarri du Nazio Batuen Erakundearen aurrean salatuko duela bere lurraldean Israelek egindako erasoa.
Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak, ustez, Libano hegoaldean eta Gazako Zerrendan dituen helburuak bonbardatu dituela adierazi du Israelgo Armadak. Libanoko L 'Orient le Jour egunkariak berri eman duenez, ostera, misilak Rashidiyako errefuxiatu palestinarren kanpalekutik gertu dauden eremuan erori dira.
Indarkeria areagotu da Israelen eta Palestinan azken egunotan, Israelgo indar armatuak Al Aqsa meskitan birritan indarrez sartu eta, ustez, Hamasek Gazatik eta Libanoko hegoaldetik kohete batzuk jaurti ondoren.
Israelgo Defentsa Indarrek Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduari leporatu diote Libano hegoaldetik 44 kohete jaurti izana.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren hitzetan, Israelek "bere etsaien aurka" eraso egingo du.
Hamasek, bere aldetik, gogor gaitzetsi ditu Israelgo Defentsa Indarrek ostiral goizaldean Libanon egindako aire erasoak, eta "herrialde arabiar anaien subiranotasuna urratzea" leporatu dio Israeli.
Bestalde, gaur goizean bi emakume israeldar hil dituzte tiroz Zisjordanian, kolonoen asentamendu batean. Gertaturikoa "eraso terrorista" bat izan dela eta atzean palestinarrak daudela uste du Israelek.