Mundua -
Sudan
Espainiako Gobernuak 100 bat zibil ebakuatu ditu Sudandik
Herrialdetik ateratakoen artean ez dago euskal herritarrik. AEB izan zen ebakuazioa abiatzen lehena, eta horren ostean, bide bera hartu dute Alemaniak, Italiak, Frantziak eta Erresuma Batuak. Frantziako herritar bat larri zauritu da ebakuazio betean, ustez Sudango Armadak egindako eraso batean.
Agentziak | EITB Media
Nazioarteko herrialde eta erakunde ugarik ekin diote azken orduetan Khartum hiriburutik zibilak eta diplomazialariak ateratzeari, Sudango Armadaren eta RSF Babes Azkarreko Indarrak talde paramilitarraren artean piztutako borroka gogorrak tarteko.
Espainiako Gobernuak, esaterako, 100 bat zibil ebakuatu ditu herrialdetik: 30 espainiar (euskal herritarrik ez dago tartean) eta 70 europar edota latinoamerikar. Khartumdik Djibutira eraman dituzte Aire eta Espazioaren Armadaren lau hegazkinetan. Atzerri Gaietarako, Europar Batasunerako eta Kooperaziorako eta Defentsa ministerioek koordinatu dute operazioa.
Espainiak legez, Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Belgikak eta Herbehereek ere egin dituzte ebakuazioak, AEBk eta Saudi Arabiak lehen operazioak egin ostean.
Ebakuazio gehienak arazorik gabe gauzatu dira, baina Frantziako herritar bat larri zauritu dute tiroz, ustez Sudango Armadak egindako eraso batean. Bi aldeek menia zuten hitzartuta, baina ez dute errespetatu. Frantziako Gobernuak ez du gertakariaren inguruko adierazpenik egin.
Egindako ebakuazioetan handiena Erresuma Batuak egin du, 1.200 militarrekin. Europar Batasunak atzo iragarri zuen Sudanen zuen talde diplomatikoa ateratzeari ekingo ziola. "Lasai esan dezaket Europar Batasunak Sudanen zuen ordezkaritza modu seguruan ebakuatzen ari direla", esan zuen Josep Borrell Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikorako goi ordezkariak.
Beste herrialde batzuek ere hasi dituzte ebakuazio lanak. Indiak eta Hego Koreak egin dituzte jada; Irlandak berriki eman du operazioa egiteko baimena, eta Kanadak, Egiptok, Turkiak eta Jordaniak bertan zituzten ordezkariak irtenarazi dituzte.
Era berean, Txinako Gobernuak iragarri du Sudanen dituen herrikideak ateratzeko asmoa. Webgune bat zabaldu du irteteko nahia dutenek izena eman dezaten, baina oraingoz ez du ofizialki ebakuaziorik jakinarazi.
RSFek ziurtatu dute lanean ari direla "ebakuazio segurua" ahalbidetzeko
Bestalde, Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF) paramilitar taldeak ziurtatu du ahaleginak egiten ari dela diplomazialarien eta atzerriko herritarren "ebakuazio segurua" ahalbidetzeko.
"Azken bi egunetan bandalismoa eta etxebizitza zibilak zein enpresen eta lantegien egoitzak arpilatzeko ekintzak asko izan dira, eta horren atzean, erregimen zenaren hondarren plan bat dago, horiek RSFri egozten saiatzeko", gaineratu du.