Mundua -
Ekialde Hurbila
Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak Gazaren "erabateko blokeoa" debekatzen duela nabarmendu du NBEk
Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariaren arabera, blokeoa ikuspuntu militarretik justifikatuta ez badago, zibilei oinarrizko ondasunak bermatu eta gatazka eremuetatik irteten utzi behar zaie.
AGENTZIAK | EITB Media
Israelgo Gobernuak guztiz blokeatu du Gazako Zerrenda, eta bizitzeko oinarrizkoak diren baliabiderik gabe utzi ditu bertako herritarrak. Testuinguru horretan, Nazio Batuen Erakundeak azpimarratu duenez, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak Gazan ezarri denaren gisako "erabateko blokeoa" debekatzen du.
Atzo, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek agindu zuen Gazako Zerrenda guztiz blokeatzea, eta argindar, elikagai eta erregai gabe utzi ditu palestinarrak.
"Dagoeneko larria zen egoera humanitarioak okerrera egin du Gazan eta (blokeo) egoera horrek osasun instalazioen funtzionamenduari eragiten dio, hain zuzen ere, zaurituen kopurua gora egiten ari den honetan", adierazi du Volker Türk Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak.
NBEko ordezkariaren arabera, pertsonen edo merkantzien joan-etorria mugatzeko erabakiak ikuspuntu militarretik justifikatuta egon behar du. Horrela ez bada, zibilei oinarrizko ondasunak bermatu eta gatazka eremuetatik irteten utzi behar zaie.