Mundua -

Israel-Hamas gerra

Israelek eta Hamasek zibilak hiltzea gaitzetsi du Abasek, eta laguntza eskatu du Gazarentzat

Palestinako presidenteak eskatu du korridore humanitarioak irekitzeko Israelek blokeatutako eta setiatutako Gazako Zerrendan. Egiptok laguntza humanitarioa bidaliko du mugara.

Kale bat, hutsik, Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE
Kale bat, hutsik, Gazako Zerrendan.
Kale bat, hutsik, Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mahmud Abas Palestinako presidenteak gaitzetsi egin du "bi aldeek zibilak hiltzea", eta Gazako Zerrendan korridore humanitarioak irekitzeko eskatu du. Gaza blokeatuta eta setiatuta dago, Israelen etengabeko bonbardaketen ondorioz.

Abdala II.a Jordaniako erregearekin bildu da Abas, Amanen, eta bihar Antony Blinken AEBko Estatu idazkariarekin hitz egingo dute biek.

Palestinako presidenteak salatu du "bi aldeek zibilak hiltzea eta gehiegikeriak egitea", eta "zibilak, presoak eta atxilotuak askatzeko" eta Israelek okupatutako Zisjordanian "kolonoen terrorismoa amaitzeko" eskatu du.

Era berean, Israelen "erabateko erasoa berehala amaitzeko" eta "laguntza medikoa, sorospenekoa eta humanitarioa emateko" eskatu du, baita Gazako Zerrendako herritarren ur, elektrizitate eta erregai hornidura ez moztea ere.

"Gazako Zerrendan korridore humanitarioak lehenbailehen irekitzeko" ere eskatu du Abasek.

Indarkeriaren gorakadaren aurrean, "jarduera politikoa bultzatzeko beharra" nabarmendu du Abasek, "okupazioari amaiera emateko eta bakea lortzeko".

Laguntza humanitarioa

Egiptoko Ilargi Gorriko iturriek baieztatu dutenez, konboi bat bidali dute, laguntza humanitarioarekin, Rafako mugara, laguntza behar duten kasu kritikoak jasotzeko. Jordaniak eta Irakek ere laguntza humanitarioa bidaliko dute Egiptotik.

Sameh Shukri Egiptoko Atzerri ministroak adierazi duenez, bere herrialdeak prest du laguntza humanitarioa, elikagaiak eta hornidura medikoak emateko bidea, baina ez du argitu muga pertsonak igarotzeko irekiko duten ala ez. Hamasek salatu du Gazako herritarrak Egiptoko mugatik etengabe "joatea", beste migrazio masibo bat izango litzatekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas